GARA > Idatzia > Euskal Herria

Anjel Figueroaren senideei presoa bisitatzea galarazi die Ertzaintzak

Gasteizko Txagorritxu ospitalean dago Angel Figueroa preso politikoa, berarekin egotea debekatu zien Ertzaintzak amari eta arrebari joan den asteburuan. Sendiak, gainera, Madrilen baimen zehatza du presoaren ondoan hogeita lau orduz egoteko.

GARA |

Gaixotasun larriak jota, Txagorritxuko ospitalean dago Anjel Figueroa preso politikoaren amari eta arrebari galarazi egin zion Ertzaintzak algortarrari bisita egitea joan den larunbatean eta igandean, nahiz eta horretarako espetxe espainolen agintaritzaren baimen zehatza eduki, eta presoaren medikuen mandatua bereziki hori izan. Algortarraren gaixotasun larria dela-eta, presoaren mediku taldeak hogeita lau orduz berarekin, haren alboan, egoteko gomendioa egin du, eta lau zuzeneko senideri horretarako baimena eman die Madrilek. Figueroaren sendiak auzitara jo du Ertzaintzaren aurka.

Joan den larunbatean, hilak 5, preso politiko algortarraren amak ez zuen inolako arazorik izan goizean bere seme Anjel Figueroarekin egoteko. Arratsaldean, aldiz, Figueroaren zaintza lanetan aritzen diren ertzainen txanda aldatu, eta beste polizia batzuek hartu zuten zaintzaren ardura. Hala, goizean ez bezala, gela batera eraman, eta emakumezko ertzain batek biluzteko agindu zion Figueroaren amari. Hark ezetz erantzun zion, ordea, goizean, eta aurretiaz ere, ez zuelako halakorik egin beharrik izan, ezta zertan egin ere. Hala, salaketa judizialean jasota geratu denez, ertzainak ukatu egin zion semea bisitatzeko eskubidea, nahiz eta espresuki horretarako mandatu judiziala izan.

Biluzteari uko egin zioten

Igandean, hilak 6, Figueroaren arreba eta senarra joan ziren Txagorritxura. Bi senideok ere presoaren alboan hogeita lau orduz egoteko eskubidea dute, Madrilgo agindu judizialaren arabera.

Alta, preso algortarraren koinatari «erraketa elektronikoa» gorputzaren inguruan igarota Figueroaren gelara pasatzen utzi zioten. Ez, ordea, arrebari. Amari aurreko egunean gertatu bezala, eta aurreko eguneko ertzain berberak, gela batera eraman, eta biluzteko agindu zion. Arrebak ere ezetz esan zion, eta aurreko egunean halakorik gabe sartu zela gelara esan arren, ertzainak ez zion Figueroa bisitatzen utzi.

Hori dela-eta, Figueroaren sendiak salaketa judiziala aurkeztu du Bilboko guardiako epaitegian preso politikoaren amari eta arrebari biluztea agindu eta bisita galarazi zien ertzainaren aurka. Bertan, aipatutako ertzainari bere eskumenez abusatu izana egozten diote, senitartekoak behartzen saiatuta.

Nabarmentzekoa da Figueroa larriki gaixoturik dagoela Txagorritxun; horren erakusgarri, izan daitezke, joan den azaroan Cordobako espetxera zeramatela, bidean izan zituen hiru atake epileptiko larriak.

24 orduz

Gaixotasunaren larritasuna kontuan hartuta, Anjel Figueroa artatzen duen mediku taldeak senitartekoak hogeita lau orduz haren ondoan egoteko gomendioa egin zuen. Madrilek baimena emana die senideei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo