GARA > Idatzia > Kultura

Bardoze herri hizkuntzen literaturen topaleku izango da Lihuriko egunetan

Euskal Idazleen Elkarteak, urtarrilaren 18, 19 eta 20ko asteburuan Estatu frantsesaren pean diren «Herri Mintzairen Idazle Topaketak» antolatuko ditu. Topaketa hauetan Korsika, Bretaina, Okzitania, Katalunia edo Alsaziako hizkuntzetan idazten duten idazleak izanen dira. Topaketen helburua, idazle hauen arteko elkartasuna eta ezagutzea bultzatzea da.

p054_f01_199x112.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Urtarrilaren 18, 19 eta 20ko asteburuan, Estatu frantsesaren pean diren herri hizkuntzetako idazleak Bardozen bilduko dira. Euskal Idazleen Elkarteak antolaturik, Errepublikan baztertuak diren hainbat hizkuntzetako literatura eragileak elkartuko dira, beren kezka eta proiektuez eztabaidatzeko. Orotara, 25 idazle elkartuko dira Bardozen, alsazieraz, okzitanieraz, bretoieraz, korsikeraz... eta, noski, euskaraz idazten dutenak.

Estatu frantsesaren pean bizi diren herri hizkuntza hauetako idazle eta eragileak elkarrekin elkartu, eta hausnarketa batean parte hartuko duten lehen aldia izanen da, asteburu berezi batean elkartu ere: «orain arte zuzeneko harremanak izan dira, pertsonatik pertsonarakoak, edo elkartez elkartekoak. Baina lehen aldia da, idazle guztiak batu, eta topaketa berezi bat antolatzen duguna» zehaztu digu Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko koordinatzaile eta topaketen antolatzaileak.

Asteburuko egun nagusia, larunbata izanen da, urtarrilaren 19a. Goizean, eztabaidan arituko dira idazleak «Nor gira? Nundik heldu?» gaiaren inguruan. Eztabaidak bakoitzak bere burua aurkeztea erraztuko du. Ondoren, lan tailerrak egingo dituzte itzulpengintzaren inguruko ekarpenak jasotzeko. Arratsaldea, berriz, euskal literaturaren eta euskararen borrokaren aurkezpena plazaratzeko parada izanen da. Egitaraua burutzeko, ekitaldi ikusgarria izanen da: hainbat musikari, bertsolari, eta Azika txotxongilo taldea arituko dira, harik eta afaria iritsi arte. Bezperan, harrera ofiziala emango die Bardozeko auzapez Pierre Labordek. Azkenik, igandean, Orreagara kultur bisita eginen dute parte hartzaileek: «haizea hartzeko, eta Euskal Herriko historiako une garrantzitsu bat ezagutzeko parada izanen da», erran zuen Itziar Madina EIEko koordinatzaileak. «Orreagak Santiagoko bidearen bitartez ezagutu duen aberastasun kulturala ere erakutsi nahi dugu», gaineratu zuen Etxezaharretak.

Herri hizkuntzen altxorra

Bide batez, Bardozeko topaketak ez dira herri hizkuntzetan idazten duten eragileen arteko elkar ezagutze soil bat izanen. Elkar topatuz, bakoitzak bere bizipenak eta esperientziak trukatu ahalko ditu, eta bere hizkuntzan literatura egiteko dituen zailtasunei buruz jardungo du. Topaketak, herri hizkuntza horien altxorraz jabetzeko, eta ezagutza eskatzeko bidea izanen dira: «gure artean, eta Frantziarekin komunikatu behar dugu. Gure hizkuntzez beldurtzen direnekin mintzatu behar dugu. Gure kulturak ezagutu eta errespeta daitezen nahi dugu. Aitzina joateko bildu nahi dugu», adierazi zuen Claudia Labandesse Okzitaniako Per Noste argitaletxearen zuzendariak.

Gogoratu beharra dago, herri hizkuntza horiek ez dutela inongo aitorpen ofizialik Estatu frantsesean, eta hizkuntza hauen biziraupena lanjerrean den une hauetan, bertako literaturak garatzeko zailtasun handiak dituela. Topaketa hauekin, oztopo hauek guztiak dituzten idazle eta eragileen artean, lehen harria pausatu dute, etorkizunari begira elkarlan handiagoa bultzatzeko: «helburua topaketak iraunkortzea, eta herriz herri eramatea da. Hala ere, lehen edizio honetan elkar ezagutu nahi dugu, harremanak sendotuz elkarlanezko proiektuak sor daitezen» zehaztu zuen zuhur Madinak.

«Hala ere, topaketa hauek elkarlanean oinarritutako egitasmo zehatzetan aurrerapausoak emateko balioko dutela espero dut. Anitz dugu ekartzeko batak besteari», erantsi zuen Etxezaharretak baikor. Elkarlan hauen adibide gisara, Maiatz argitaletxearen eta Okzitaniako Per Noste argitaletxeen arteko proiektu bat aipatu zuen. Horrela, euskarazko eta okzitanierazko liburu elebidun bat prestatzen ari dira bi argitaletxeak; Okzitaniako eta Euskal Herriko idazleen antologia bat izanen da: «ez dugu elkar ezagutzen. Nork ezagutzen ditu okzitanieraz idazten duten egileak? Nazioartean sona izan arren, Euskal Herrian erabat ezezagunak dira. Eta berdin gertatzen da alderantziz», erran zuen Lucien Etxezaharretak.

Gisa horretako proiektuekin, edo topaketen bidez, bakoitzak bere burua hobeki ezagutzeko, eta bere kezkak besteri azaltzeko aukera izanen da Bardozen. Yann Ber Quirion, Mari Elen Maze, Pierrette Kermoal, Joan-Lluis Lluis, Ronald Euer edo Itxaro Borda dira, besteak beste, han izanen diren idazleak. Eztabaida eta elkar ezagutzaren bidez, denek «herri hizkuntzak, literaturaren bidez modernitatera itsasten jakin duten hizkuntza zaharren» adibide bizia sinbolizatuko dute asteburu honetan, Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxe eta elkarteko koordinatzailearen erranetan.

25 IDAZLE

Orotara 25 izanen dira Estatu frantsesaren pean bizi diren herri hizkuntzak ordezkatuko dituzten idazleak. Kataluniatik, Alsaziatik, Bretainatik, Okzitaniatik eta Euskal Herritik jinen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo