Iruñerriko gazteak kalera aterako dira etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko
Gazte Aterpea, Gure Ataria, Kalean eta Etxekolore taldeetako bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo datorren ostiralean Iruñeko Txantrea auzoan eginen den manifestazioaren berri emateko. Plataformen eledun Egoi Irisarrik ohartarazi zuenez, etxebizitzen merkatuaren egoera ikusirik, beharrezkoa da administrazioek gazteentzako «alokairu sozial eta publikoa» bermatzea. Mobilizazioa 19:00etan abiatuko da auzo iruindarreko Ezkaba plazatik.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
Gaur egun gazteek etxebizitza edukitzeko dituzten zailtasunak direla-eta, etxebizitza eskubidearen aldeko Iruñerriko lau plataformek manifestazioa deitu dute hurrengo ostiralerako Iruñeko Txantrea auzoan. Mobilizazioa 19:00etan abiatuko da Ezkaba plazatik «Etxebizitza eskubidea gauzatzera goaz!» leloa hartuta, eta auzo iruindar horretako kaleetan ibiliko da.
Atzo eskainitako agerraldian, plataforma osatzen duten lau taldeen (Gazte Aterpea, Gure Ataria, Kalean eta Etxekolore) bozeramaileek salatu egin zuten gutxi batzuek «etxebizitza den oinarrizko eskubidea negozio» bihurtu izana. Etxekolore taldeko kide Egoi Irisarriren aburuz, egun gazteek pairatzen duten egoera «larria da oso, prekarietatean bizitzera zigortu gaituztelako». «Gazteok, prekarietatea gure bizitzaren alor guztietan pairatu behar dugu; lanean edo aisialdian, adibidez eta, noski, etxebizitzaren inguruko arazoan ere bai», gaitzetsi zuen.
Hala, plataformako ordezkariak egoera hori eragitearen errudunak zeintzuk diren azaldu zuen. «Inmobiliariek, bankuek, eraikuntzako enpresek eta sustatzaileek eskubidea negozio bihurtu dute. Beren poltsikoak diruz betetzen dituzte, gazteonak husten dituzten bitartean», salatu zuen Irisarrik. Gainera, Etxekolore taldeko bozeramaileak administrazioei «espekulatzaileekin elkarlanean» aritzea leporatu zien, haren ustez, ez baitute etxebizitza eskubidea bermatzen. «Administrazio publikoek lapurrei ateak irekitzen dizkiete eta gazteoi etxetik joateko ateak ixten dizkigute, esplotazioaren eta prekarietatearen ateak zabalik uzten dizkigutelako», gaitzetsi zuen.
Horren harira, Irisarrik norberak nahitaez bere etxebizitzaren jabe izan behar izate horren benetako «beharra» zalantzan jarri zuen. Herri mugimenduko bozeramaileak adierazi zuenez, «etxebizitzaren jabe izatearen beharra sortzen dute interes ekonomikoengatik eta, bitartean, milaka eta milaka etxe hutsik daude». Ildo horretatik, jakinarazi zuen egun Nafarroan 60.000 etxebizitza hutsik daudela, eta Iruñerrian berriz, 15.000 inguru.
«Egun, etxebizitza baten «jabe» izateko, batez besteko 68 urteko hipoteka ordaintzera behartuta gaude. Hau da, kasuren batean, gure seme-alabek ordaindu beharko digute hipoteka», gogorarazi zuen Etxekolore taldeko kideak.
Alokairu soziala
Horregatik, egoera latz honi aurre egiteko, administrazioei gazteentzako alokairu soziala bultzatzeko eta kudeatzeko eskatu zien. «Alokairu sozial eta publiko baten aldeko apustua egiten dugu. Administrazioek, norberaren diru sarreren araberakoa eta guztiontzat eskuragarria izango litzatekeen alokairu publikoa bermatu beharko lukete», adierazi zuen Irisarrik.
Haren aburuz, alokairu mota honek «gure gurasoen etxetik baldintza duinekin alde egiteko aukera emanen liguke, guztiontzat etxebizitza eskubidea bermatuz».
Datorren ostiralean egingo den manifestazioak bat egiten du Euskal Herri osoko gazte eragileak astebururako antolatzen ari diren mobilizazioekin eta ekimenekin. Hala, Irisarrik nabarmendu nahi izan zuen aurrerantzean etxebizitzaren eskubidearen aldeko mugimendua «geldiezina» izango dela eta espekulatzaileek nahitaez gazteak «entzun» egin beharko dituztela.
Gainera, Iruñerriko plataformen eledunak jakinarazi zuen Euskal Herriko etxebizitza eskubidearen aldeko beste hainbat plataforma ere arazo honi aurre egiteko ekintzak prestatzen ari direla.
Etxebizitza eskubidearen aldeko plataformen eledun Egoi Irisarrik jakinarazi zuenez, egun Nafarroa osoan 60.000 etxebizitza hutsik daude eta Iruñerrian, berriz, 15.000 inguru.
Bestalde, Erromoko Segik, azken urteotan gazte mugimenduak etxebizitza eskubidearen aldarrikatzeko egindako ekimenak gogorarazi ditu Power Point formatuan aurkeztutako lanean.
Euskal Herriko hainbat musikarik eta gaztek osatzen duen MusikHerria taldeak datorren urtarrilaren 11n eta 12an Euskal Herria osoan egingo diren etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi izan dio gizarte osoari eta, bereziki, gazteriari.
Hala, MusikHerriak-ekoek gogorarazi dute taldearen sorreraren egunetik bertatik «eragile garen aldetik, eta musikaren esparrutik, herri mugimenduekin eta herri aldarrikapenekin bat egiteko hautua» eginda dutela eta, horregatik, nabarmendu dute kasu honetan, etxebizitzaren arazoa ez dutela alde batera utziko. Taldearen ustez, etxebizitzaren arazoa, euskal gazteriak pairatzen duen prekarietatearen «adierazle» da.
Horren harira, MusikHerriak taldeak ohartarazi du «etxebizitza duina izatea eskubide bat» izan arren, bankuek, eraikuntza enpresek eta sustatzaileek «inolako lotsarik gabe eskubidea negozio» bihurtu dutela, «eta gazteria miseriara eta kale gorrira zigortu».
Hainbat musikarik eta gaztek osatzen duten taldeak adierazi duenez, «etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa da, herritarren mesedetara egon beharko luketen erakundeek ez baitute deus egiten herritarrona den etxebizitza eskubidea bermatzeko». Hori dela eta, «kalera ateratzeko eta etxebizitza duina aldarrikatzeko unea dela» aldarrikatu dute.
«Erakunde, banketxe, eraikuntzako enpresa eta sustatzaile diruzaleek argi izan behar dute gazteria dagoeneko miserian bizitzeaz, batzuen diru goseaz, eta hainbeste putrez nazkatuta dagoela», adierazi du MusikHerria taldeak.