«Atxilotzearen arrazoia galdetu eta `porque se me pone en la punta de la polla' esan zidan»
Haserre dago oso, joan den larunbatean Ertzaintzak atxilotu zuenean bizi izandakoagatik. Baita komunikabide gehienek aditzera emandako gezurrengatik ere. Rekalde tabernan lanean ari zela eraman zuten atxilo, eta ertzain burua auzitara eramateko asmoa duela azaldu dio GARAri.
Gari MUJIKA |
Taberna jendez gainezka zegoela, haurrak barne, sartu ziren ertzainak joan den larunbat iluntzean. Agustin Rodriguez tabernako arduraduna izaki, armak aldean zeramatzatela ezin zutela sartu esan zien, eta segidan, atxiloturik eraman zuten. Arrazoia ertzain buruak azaldu zion ondo baino hobeto: «porque se me pone en la punta de la polla».
Rekaldeko beste bi langileak ere identifikatu zituen Ertzaintzak. Kolpeak ere izan ziren tartean. Ertzain burua auzitara eramateko asmoa agertu dio Rodriguezek GARA egunkariari.
Ertzaintza tabernara sartu eta atxilo eraman zintuztela jakina da. Baina, nola gertatu zen?
Zortziak laurden gutxi edo, izango ziren. Une horretan, hiru langile geunden han, taberna jendez gainezka zegoela. Haur eta guzti. Momentu batean bi ertzain sartzen zirela ikusi nuen; bat taberna erdiraino sartu zen, kasko eta guzti.
Barratik atera, eta ertzain buruarengana hurbildu nintzen orduan. Gune publikoa izanik armaturik ezin zirela sartu esan nion ertzainari, are eta gutxiago, taberna jendez gainezka egonik. «No tienes ni puta idea de lo que estás diciendo», izan zen bere erantzuna.
Bazekien langilea zinela?
Ni, hasieratik identifikatu nintzen, tabernako langilea eta une horretan arduraduna nintzela esanez. Poliki-poliki, hizketan, ateraino joan ginen. Identifikatzeko eskatu zidan. Ahoz egingo nuela esan nion, bestenaz taberna barrura sartu eta karneta hartu beharko nuelako.
Nortasun agiria emateko baiezkoa eman zidan, eta tabernarantz jira egin nuenean, sorbaldatik heldu zidan, «se acabaron las tonterías» esan, eta kamiseta sorbaldatik eta gerri ingurutik hautsi zidan.
Eta atxilo eraman zinduten.
Atxiloturik eramango nindutela esan, eta eskuburdinak jarri zizkidan ertzain buruak.
Zergatik atxilotzen ninduten galdetu nion, eta zera erantzun zidan: «porque me sale de la punta de la polla». Eraikinaren bueltara eraman, eta paretaren aurka jarri ninduten, sudurra paretaren kontra nuela egoteko aginduta. Ertzain bat, gainera, belauna nire bizkarrari atxikita zuela egon zen. Jende ugari zegoenez, askok «aupa Agus!» eta halakoak esaten zituen, eta horietako bakoitzagatik perka bat ematen zidan poliziak.
Eta zertaz akusatzen zaituzte?
Atxilotzean, ertzain buruari nire aurkako delituengatik galdetu zioten. Zalantzan egon zen tarte batez, eta «erresistentzia» eta «autoritateari atentatua» egotziko zidatela esan zion polizia kideari. Baina, egun, nire aurkako akusazioa «atentatua» eta «desordena publikoa» dira.
Antiguako komisaldegian dena adar jotzea izan zen. Manga motzeko kamisetarekin nengoen, apurtua, eta manta bat eskatu nien. Aire egokitua jarri zuten; hotza. Eta mantarik ez zidaten eman, horretarako gestio admnistratiboa egin beharra zegoela argudiatuz. Euskaraz egingo nuela deklarazioa esan nien. Baina horrela egin nahi izanez gero, komisarian lauzpabost ordu gehiagoz egon beharko nintzela esan zidaten, euskaraz idazteko gai zen ertzain bakar bat ere ez zegoela esanez.
Komunikabideak ere kritikatuko dituzu izandako jarrragatik.
Bai. Ontzat eman dute hasieratik poliziaren bertsioa, eta kaltetuon eta hamarka lekukoen hitza ez dute ezta entzun ere egin.
Rekalde tabernara kolore guztietako jendea joaten da, eta beren burua lekuko gisa aritzeko prest agertu direla nabarmendu nahiko nuke. Jende asko hurbildu da laguntza eskaintzera.
Beste langileak ere identifikatu zituzten, ezta?
Bai. Ni jada ez nengoen, baina kalera atera zituzten, bai. Baita bezero bat ere «y, ahora, ¿quién nos saca los potes?» esateagatik.
Taberna aurrea poliziez gain, jendez gainezka zegoen, eta langile bati esan zioten desalojatu egin behar zuela jende hori guztia. Bestenaz, «desobedientzia» delitua egotziko ziotela esan zioten. Gero, Ertzaintzak bertan kargatu egin zuen. Ondoren, taberna itxi behar izan genuen, hustu egin baitzen eta kalteak jaso baikenituen.
«Ertzain buruaren aurka legez kanpoko atxiloketa egiteagatik auzitara joko dut. Eta polizia etxean jasotako hizkuntza eskubideen urraketa ere salatu egingo dut»