GARA > Idatzia > Atletismoa

KROSA Juan Muguerza 65. Oroitzarrea

Mundialeko izarren distira espero dute Elgoibarren

Kenyako istiluek galarazi ezean, igandean goi mailako parte hartzaileak izango ditu Nazioarteko Krosak

p046_f01_148X100.jpg

GARA | ELGOIBAR

Datorren igandean goi mailako atletismoarekin hitzordua izango dute zaletuek Elgoibarren: Juan Muguerza 65. Nazioarteko Krosa. Hala izango dela dirudi, behintzat, antolatzaileek atzo jakinarazitakoaren arabera, parte hartzaileak zein diren ikusita.

Izan ere, Mombasako Munduko Txapelketako hainbat izarren distirarekin disfrutatzeko aukera eskainiko baitu Mintxeta Atletismo Taldeak. Beti ere, Kenyan azken egun hauetan gertatzen ari diren istiluek galarazten ez badute, hainbat korrikalari bertakoak dira-eta.

Halako arazorik ez badago, Mombasan sailkatutako lehenengo zazpietatik lau Elgoibarrera etorriko dira. Esate baterako, Moses Mosop. Munduko Txapelketan bigarren postua eskuratu ondoren, Estatuan lehen aldiz lehiatuko da Kenyako atleta. Mombasan brontzezko domina lortu zuen Bernard Kipyego herrikidea alboan izango du. Baita Michael Kipyego kenyarra eta Tadesse Tola etiopiarra ere -seigarren eta zazpigarren Munduko Txapelketan- .

Juan Carlos de la Ossa, Chema Martínez, Ricardo Serrano edota Juan Carlos Higuero korrikalari ezagunak, ustekabearen bila arituko dira, halaber.

Emakumezkoei dagokienez, hiru izango dira faborito nagusiak. Edo, behintzat, azken aldi honetan ibilbide politena daramatenak. Hain zuzen ere, Priscah Jepleting -hirugarrena Osakako Munduko Txapelketan, 5.000 metrotan- eta Mombasan bederatzigarren eta hamargarren postuetan amaitu zuten Simret Sultan Eritreakoa eta Yimer Wude Etiopiakoa.

Beraiekin batera, Europako Txapelketan ederki aritu diren Rosa Morató -Espaniako txapelduna- eta Mariya Konovalova lehiatuko dira.

Mamo Wolde Saria

Bestetik, eta azken bost urteotan gertatu den bezala, Elgoibarrek Europa mailan juniorren probarik onena den Mamo Wolde Saria ere hartuko du. Bost estatutako ordezkariak, gizonezkoak zein emakumezkoak, arituko dira lasterketa horretan.

Eguneko egitarauan, guztira, hamar proba agertzen dira. Emakumezko alebinak izango dira goiztiarrenak, 1.330 metroko ibilbidea 10.10etik aurrera beteko baitute, eta gizonezko seniorrek agurtuko dute krosaren jaialdi hau, eguerdiko ordubatetik aurrera hamar kilometroko ibilbideari ekinez.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo