GARA > Idatzia > Mendia

eski alpinismoa Espainiako Txapelketa

140 eskiatzaile lehia gogorrean murgilduta

Formigalen jokatutako Espainiako Eski Alpinismoko Txapelketan euskal ordezkariek lan txukuna egin zuten. Zubizarreta bigarren izan zen eta Ormazabal hamargarren.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Joan den igandean jokatu zen FEDMEk antolatutako mendiko eskiko zirkuituaren hitzordu nagusia, hots, bakarkako proba. Eta inolako zalantzarik gabe baiezta dezakegu oso zorte txarra izan zuela. Bai, eguraldiak ez zuen batere lagundu; aitzitik, lehiakideen jardunak ondo baino hobeto eragotzi zituen. Eta, adibide gisa, irteera puntuan zuten egoera aipatu besterik ez dago: 08:20ean termometroak -5º markatzen zuen hasiera gunean, baina alderdi hura astintzen ari zuen haize bortitza gehitu behar zaio horri. Bai, pena handia izan zen, besteak beste, Espainiako Txapelketak makina bat lehiakide biltzea lortu zuelako: 140 hain zuen ere. Mailak, berriz, ohikoak: nagusiak, beteranoak, juniorrak, kadeteak...

Irteera puntua Formigalgo aparkalekuan izan zuten eta, oro har, oso ibilbide gogor zein alpetarrari egin behar izan zioten aurre. Aparkalekutik atera bezain laster, Espelunciecha mendia (2.397 m) igo, handik Vertice Anayet-era (2.559 m) eta, ibilbidearen puntu garaienetik, Arroyeras menditik (2.573 m), igaro ondoren, Formigalgo aparkalekuan zuten helmuga. Ibilbide tekniko horretan bost aldiz aldatu behar izan zituzten foka-larruak. Ederra zein gogorra izan zen, eta eguraldi gaiztoak, batez ere haize bortitzak, are gogorragoa egin zuen. Bai, makina bat zatitan eskiatzaileek aurrez aurre izan zuten haizea.

Katalanak nagusi

Hala ere, 140 parte-hartzaileak ez ziren kikildu eta hainbat mailatan, bederen, oso lehia politak ikusteko aukera izan zen. Euskal ordezkarien lanari dagokionez, nagusien mailan egindakoa azpimarratu behar dugu batez ere. Izaskun Zubizarreta, adibidez, bigarren postuan sailkatu zen, eta Joseba Ormazabal hamargarrenean.

Oro har, ez zen ezusteko nabarmenik izan eta, beste behin, eskiatzaile katalanek oso lehia bikainak egin zituzten. Maila asko eta askotan katalanek irabazi eta ohorezko postuak lortu zituzten. Eta nagusien maila dugu adibide esanguratsuena.

Nesketan, Zubizarretak ezin izan zuen iazko garaipena errepikatu. Izan ere, oso aurkari gogorra izan zuen aurrean. Gaztea, oso gaztea, baina, era berean, indartsua. Mireia Miro katalanaz ari gatzaizkizue. Orain arte junior mailan lehiatu da, eta Formigalgoa zuen lehenengoa nagusien mailan. Debut ikaragarria Mirok izan duena. Lasterketa ia osoa kontrolatu zuen goitik behera eta ez zuen inolako arazorik izan garaipena erdiesteko. Bigarren sailkatuari, Zubizarretari, zazpi minutuko aldea atera zion. Oiartzuarraren atzetik, eta soilik 29 segundora, Emma Roca sailkatu zen. Guztira, 17 neskak hartu zuten parte.

Mutiletan ere eskiatzaile katalan bat izan zen nagusi: Kilian Jornet, nor bestela. Gazte honek sasoi ikaragarria dauka eta, nesketan Miro bezala, Jornet jaun eta jabe izan zen ibilbide osoan. 78 eskiatzailetik, beraz, Jornet izan zen onena 1:52:04 denborarekin. Bigarren postua Javier Martinentzat izan zen 1:55:37 denborarekin, eta hirugarrena Jordi Bes 1:58:23 denborarekin. Ohi den bezala, lehenengo euskal herritarra Ormazabal izan zen. Tolosarrak lehenengo hamarren artean sailkatzea zuen helburu eta, azkenean, hamargarrena izan zen Jornetengandik ia hamahiru minutura.

Beteranoen mailan, bestalde, euskal ordezkariak ez ziren batere gaizki ibili. Nesketan, adibidez, Ana Bernal bigarren postuan sailkatu zen eta, mutiletan, Fermin Illarregi zazpigarrenean.

Nagusiak zein beteranoak alde batera utzi eta gazteenei egin behar diegu tartea. EMFk bultzatutako teknifikazio zentroko ordezkariak ere Espainiako Txapelketan izan ziren. Kadeteetan lau lehiakide izan ziren, eta Maria Leunda laugarren izan zen. Mutiletan, berriz, 15 parte-hartzaileetatik zazpigarren postua erdietsi zuen Erlantz Gonzalezek. Eta etorkizunekoen mailan, Aitor Igarategik laugarren postua sinatu zuen; nagusien mailan 23.a izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo