GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bide errepresiboek lasartear gazteria ez dutela beldurtuko adierazi dute

Pintaketak egitea leporatuta, Ertzaintzak bi gazte lasartear atxilotu izana salatzeko, gazte andana batu zen atzo prentsaurrekoan. Azkenaldian, Lasarte-Oriako gazteriaren aurkako jazarpen poliziala nabarmena dela adierazi, eta «gazteria beldurtzeko» jokatzen dutela horrela salatu zuten. Hala ere, gazteriak aurrera segituko duela berretsi, eta «etorkizuna eraikitzen jarraituko» dutela esan zuten. «Etorkizun hori, independentzia» izanen dela nabarmendu zuten.

azpeitia.jpg

GARA |

Larunbatean pintaketak egitea leporatuta Ertzaintzak bi gazte lasartear atxilotu ostean, hirurogeitik gora gazte bildu zen atzo beren «kezka eta amorrua» azaltzeko Lasarte-Orian eginiko prentsaurrekoan.

Atxiloketak, larunbateko 19.30ean gertatu zirela eman zuten jakitera, «bi gazteak, tabernetan, lagunekin batera inauteriak ospatzen ari zirela», gehitu zuten. Hala, Polizia autonomikoak azaldutako bertsioa «egundoko gezurra» dela salatu zuten agerraldian; Lakuako Barne Sailak bi gazteak pintaketak egiten ari ziren bitartean atxilotu zituztela ziurtatu baitzuen.

Gazteek azaldutakoaren arabera, ertzainak Lasarte-Oriako taberna batera hurbildu, eta gazte bat atxilotzen ahalegindu ziren. Orduan gazte ugari bertaratu zen, eta Ertzaintzak haietako beste bati identifikatzeko galdegin ostean, bi gazteak atxilo eraman zituztela adierazi zuten agerraldian.

Jazotakoa azaldu ostean, azken hilabeteetan bai Lasarte-Orian, bai Euskal Herri osoan, Poliziaren presentziak eta kontrol sozialak «sekulako gorakada» jasan duela salatu zuten. «Gazteen aurkako atxiloketak eta jazarpen polizial, mediatiko eta judizialak etengabeak» izan direla adierazi zuten.

Horren lekuko, Lasarte-Orian bertan jazotako hainbat gertakari ekarri zituzten gogora, hala nola larunbateko bi atxiloketa horiek, eta hainbat gaztek pairatu izan dituzten «jarraitze kasuak eta bahiketak». Gainera, astelehenean bertan hainbat ertzain pintaketak zeuden ingurura hurbildu, eta hango hatz-markak bilatzen aritu zirela adierazi zuten. Era berean, inguruan zen jendeari, pintaketen haritik, hainbat galdera egin zizkiotela adierazi zuten gazteek.

«Oker zabiltzate»

Bildutakoen iritziz, gertakari hauek guztiek badute helburu bat eta, hori, gazteria beldurtzea dela nabarmendu zuten. Bide errepresiboekin «oker» dabiltzala esan, eta gazteriak aurrera jarraituko duela berretsi zuten. «Aske, iraultzaile eta pentsaera kritikoz gainera», nabarmendu zuten bildutako gazteek.

Gazteria «herri honen etorkizuna» eta «herriaren ongarria» dela deritzote eta, horregatik, herri hau «lantzeari» uzteko asmorik ez dutela adierazi zuten. «Aske pentsatzen jarraitzeaz gain, jendearengan askatasun gosea sortzeari ekingo diogu une oro», gehitu zuten.

Bestetik, hainbat politikariri eta «diruzaleri» beren mezua zuzendu, eta «herria kontrolpean eduki eta gazteria hil nahi izatea» leporatu zieten bildutakoek. Alta, atxiloketen eta jazarpen polizialaren bidez, «gazteria esnatzea» besterik ez dutela lortuko gehitu zuten.

Azkenik, Lasarte-Oriako eta Euskal Herriko gazteriari au- rrera jarraitzeko gonbita egin zioten. Agerraldira bertaratu- takoen aburuz, «herria landuz eta borrokatuz» eraikiko baitu-te etorkizuna. Gainera, etorkizun horrek «independentzia izena» duela nabarmendu nahi izan zuten.

hatz-markak

Astelehenean hainbat ertzain pintaketen ingurura bertaratu zen hatz-markak jasotzera eta inguruan ziren pertsonei margoketei buruzko galderak egiten aritu zirela salatu zuten gazteek.

Dotore Azpeitian, euskal preso eta iheslari politikoen alde

Urtero bezala, Azpeitiko Elegante Egunean euskal preso eta iheslari politikoak gogoan izan zituzten. Ehunka lagun bertaratu ziren hitzordura jantzi dotoreak soinean zituztela.

Astelehenean ere ugari izan ziren euskal presoen eskubideen alde egin zituzten elkarretaratzeak. Elgoibarren adibidez, 25 lagun bildu ziren, Berangon 20, Laudion 62, Otxarkoagan 24, Gurutzetan 15 eta azkenik, Euban 11.

Bestetik, Puerto III-ko espetxean preso diren euskal herritarrek egun osoko itxialdia egin zuten Endika Iztueta zendu berriaren oroimenez. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo