GARA > Idatzia > Kultura

Dantzaren bilakaera historikoa «sehaska ballet» ikuskizunean

Dantza, musika, Amaia Zubiriaren doinuak eta Bittoriano Gandiagaren olerkiak dira Donostiako Kresala dantza taldearen «Sehaska ballet» antzezlanaren osagaiak. Dantza tradizionala eta garaikidearen bilakaera historikoa uztartu dituen ikuskizuna Iruñeko Gayarre antzokian egongo da ikusgai bihar.

p056_f01_251x117.jpg

Itziar PEREZ

Ballet garaikideak eta euskal dantza tradizionalek bat egin dute Donostiako Kresala taldeak bihar Iruñeko Gayarre antzokian taularatuko duen «Sehaska ballet» izeneko ikuskizun berrian. Bertako zuzendari eta koreografo den Faustino Aranzabalek azaldu duen legez, «dantza historikoa abiapuntutzat hartuta, errenazimendutik hasi, barrokotik igaro eta aro modernora iritsi gara adierazpen artistiko honen eskutik. Beraz, ikuspuntu historikotik ikus daiteke bere eboluzioa». Koreografia bitan banatuta dago: izaerazko euskal dantzak eta garaikidea. Ordu eta laurden irauten duen emanaldian, Euskal Herriko zortzi eta garaikideko bost bakarsaio tartekatu dituzte, azken hauek Miriam Perezek antzeztuko dituenak. Gainontzeko dantzariei dagokienez, taldea berrogei pertsonek osatuta dago, eta horietatik Haritz Perez, Miriam Perez, Julen Sota, Idoia Arana eta Aitzol Iriondo dira protagonista nagusiak. Faustino Aranzabalek argi adierazi duenez, «ez dira dantza etnografiko soilak, tradizioaren elementu batzuk aukeratu eta zortzi pieza berri sortu ditugu, testuinguru berri batean sartuz. Nolabait, euskal dantza-saio guztiak oso modu ludikoan aurkeztu ditugu, beti ere ikuspuntu positibista eta erromantiko baten barruan. Eta kontrajarrian, arlo sentimendu pertsonalak (gabezia, galera, amatasuna, bakardadea, arroztea eta gabezia) adierazteko disziplina egokiena garaikidea zela iruditu zitzaigun, horregatik garaikideko bost obra txiki erabili ditugu».

Zortzi pieza horien hautaketa ez omen da oso zaila suertatu. Ikuskizun guztiaren abiapuntua «Sehaska dantza» izan zen, eta pixkanaka buruan zuten ideia gauzatzen eta osatzen joan ziren, oso modu naturalean. «Gorteetako dantzetatik antzokikoetara igarotzeko bidea zegoela ikusi genuen, beti ere koherentzia ildo bat jarraituz». Hori dela eta, XVII. mendeko «Kontrapas» barrokoak emango dio hasiera ikuskizunari, eta «Igitai dantzak» jarraipena. Ondoren, pastorala aitzakia hartuta, gorriak eta beltzen arteko bereizketan oinarrituta, koreografia berria sortu dute. Honez gainera, «Sagar dantza», «Zestapunta» (euskal pilota gai bezala hartuta, joko koreografiko eta akrobatikoa), «Sehaska dantza», «Mutil-dantza» eta azkenik «Karrika dantza» izenekoek osatuko dute emanaldia.

Honez gainera, «Sehaska ballet»-en garrantzi handia dauka musikak. Sei musikarik joko dute zuzenean, orkestra tradizionalaren formatuan: Beñat Rallak (perkusioa eta teklatua), Xabier Irizarrek (txirula, txistua, silbotea, ttunttuna eta dultzaina), Ibon Otaegik (gitarra, txirula, txistua eta dultzaina), Jon Mendizabalek (akordeoia) eta Mikel Albisuk (alboka eta txalaparta). Bost bakarsaio osatzeko, Amaia Zubiriak a capella abestutako bost doinu hautatu dituzte, «bere kantak oso bortitzak baitira, ukitu gazi-gozoa ematen dio». Euskal dantzak duen berezko nortasunaren ikuspuntua da, indarrez beterikoa. Hitzei dagokienez, ikuskizuna Bittoriano Gandiagaren olerki batekin hasten da, «Hau ez da irudipen bat, hau ez da oroitzapen bat, baizik sentimendu bizi bat» aldarrikatzen duena. Emanaldia bukatzeko, aldiz, Tere Irastorzak amatasunaz idatzitako poema bat aukeratu dute. Aranzabalen ustez, «Barroko garaiko balletak, Luis XIV. urteetan sortu ziren antzezlanak, dantza, poesia eta antzerkia uztartzen zituzten lanak ziren, Luli edota Moliere esate baterako. Gu ere, modu apalean, hiru diziplinak uztartzen saiatu gara, olerkigintza, dantza eta antzerkia, alegia».

Ez da, ordea, Kresala taldeak sortu duen mota honetako lehenengo ikuskizuna, 2004an «Marixe» antzezlana aurkeztu baitzuen. Hark antzerki ukitu handiagoa zuen, nahiz eta balletak ere bere tokia eduki. Garai hartan hasi ziren proiektu berriari forma pixka bat ematen, dantza soila landuko zuen ikuskizuna.

Estetikoki ere oinarri historikoa mantentzen saiatu dira. Zuzendariaren ustez, «dantzarako jantziak dira eta oinarri historikoa izan arren, ez dira erreprodukzio leialak, ez delako lan etnografikoa. Garrantzia pieza bakoitzari eman diogu, horregatik, koreografia bat osatzeko osagarriak behar izanez gero, jantzitegian sartzen ditugu».

Beraz, musika, dantza eta poesia gustuko dutenek bihar Iruñeko Gayarre antzokian aukera ederra dute. Balletaren bilakaera historikoaren nondik norakoak ezagutzeko modu ezin hobea.

 

Fitxa

Izenburua: «Sehaska ballet».

Zuzendariak: Faustino Aranzabal eta Idoia Ibarzabal.

Taldea: Kresala dantza taldea.

Data: Bihar.

Lekua: Gayarre antzokia (Iruñea).

Ordua: 20.00etan.

Sarrerak: 14 / 10/ 6 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo