Amaia Zubiriak «sentikortasunez» betetako hamalau kantu bildu ditu «Nabil» diskoan
Urte eta disko asko joan dira Haizea taldearekin izen bereko diskoa atera zuenetik, baina oraindik ere lanean jo eta su jarraitzen du Amaia Zubiriak. Oraingoan bakarkako bosgarren lana kaleratu du, «Nabil».
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Amaia Zubiriaren azken lanak, «Nabil» izenekoak, hamalau kantu biltzen ditu, «sentikortasunez» betetako kantuak, hain zuzen.
«Nabil» izena du, euskal kantagintzan den kantaririk sentikorrenetakoa, ibili badabilelako, «horrenbeste urte joan eta gero, hemen nagoelako», esan zuen Donostian egindako aurkezpenean. Diskoa `Hala ere' kantuak irekitzen du, Xabier Leteren hitzak eta Lurdes Iriondoren musika duen kantu ezagunak esan bezala: «nabil, eta nabilelako nago hain neke». «Sonoritatearengatik ere aukeratu dut izenburu hau», gaineratu zuen. Zubiriak aurten 60 urte bete dituela, eta «oso ondo» sentitzen dela esan zuen. Horrexegatik kaleratu du lan hau; «harritu egiten nau batzuentzat nire lana, oraindik ere, erakargarria izateak».
Betiko errepertorioa
Kantuak ez dira berriak, betiko errepertoriotik hartu ditu Zubiriak, eta aukeraketa egitean «pertsona bereziek, momentu berezietan» kantatutako abestiak hautatu dituela esan zuen.
«Nabil» diskoari izaera femeninoa dario. Izan ere, irakurketa femeninoa egin duela aipatu zuen kantariak, Lurdes Iriondo eta Estitxu Robles-Aranguiz, `Agur Maria' kantua musikatu eta idatzi zuena, gogoratzen zituen bitartean. Diskoaren diseinatzailea eta hartarako argazkiak atera dituena ere emakumezkoak direla nabarmendu zuen; Lorea Uribe Etxebarria eta Conny Beyreuther dira, hurrenez hurren.
Kantu guztiak zuzenean jota grabatu dituzte, lanari freskotasuna ematea xede, eta horretarako ezinbestekoa izan da lantaldearekin duen harreman ona. Batez ere, Pascal Gaignerekin, harekin 25 urtez aritu baita lanean. «Pascalek nire kantu guztiak ezagutzen ditu, eta ondorioz, tonuak bakarrik adostu behar izan ditugu. Ondoren, beste musikari guztiak puntu horretatik aurrera hasi ziren lanean», azaldu zuen.
Diskoa zuzenean grabatu izanak, kantuek zenbait «akats» izatea ekarri du: «Nahiz eta akatsak izan, bere horretan utzi ditut kantuak, nire ustez merezi duelako. Kolore desberdina ematen die», aipatu du Zubiriak.
«Nabil»en beste ezaugarri bat, soiltasuna da. Ez du zehaztasun txikien inguruan bueltaka ibili nahi izan, ez Zubiriak, ezta Pascal Gaignek ere. «Askotan Pascali moldaketetan gehiegi korapilatu izana leporatu izan diote. Oraingoan horri aurre egin nahi izan diogu», agertu zuen. «Nire ustez, xumetasuna eta edertasuna lortu ditugu», gaineratu zuen. Diskoa zuzenean defendatzeko ordua iritsi zaio Amaia Zubiriari, baina argi du ez duela «zirkuitu komertzilen mende» egon nahi. Zuzenekoetan gainera grabazioan izan duen taldelan bera izango du, hau da, Pascal Gaigne (gitarra), Aitor Furunda (akordeoia), Javi Area (perkusioa) eta Ritxi Salaberria (kontrabaxua).
«Nabil» diskoan bi lagun izan ditu gogoan Amaia Zubiriak, Lurdes Iriondo eta Estitxu Robles-Aranguiz. «Lurdes zutabe bat izan da niretzat. Bere lana ezagutu nuenean, garai hartako hainbat neurri hautsi zituen. Kantari eta egile bezala, ustekabea izan zen niretzat. Lurdes, niretzat, gauza asko da», esan zuen kantariak. Estitxu Robles-Aranguiz, berriz, geroxeago ezagutu zuen Zubiriak.
«Honek ere nortasun handia zuen, nahiz eta kantuan ez zuen erakusten. Egia da bera sopranoa zela, eta ni mezzoa naizela, baina nire tesituran kantatu dut `Agur maria'», azaldu zuen.