GARA > Idatzia > Kultura

Asteburu honetan hiru monologo euskaraz, hiru egunez eta hiru herritan

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Lasan (Nafarroa Beherea) egoitza duen Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldeak ekimen berezia abiaraziko du asteburu honetan. Hain zuzen, asteburuko hiru egun hauetan, egun bakoitzean emanen ditu hiru monologo, hiru herri desberdinetan. Ekimena abian jartzeko Euskal Kultur Erakundearen, eta Garazikus eta Haize Berri kultur elkarteen laguntza izan dute antzerki taldekoek.

Joseba Sarrionaindiaren «Aulki Hutsa» lana interpretatuko du Manex Fuchs antzezleak: ostiralean, Aldudeko Alfaro ostatuan; larunbatean, Donaixtiko gaztetxean; eta igandean, Donibane Garaziko Kalaka ostatuan.

Fafiole Palassiok, berriz, Michel Azamaren «Tartean» lana emanen du, edo hobeki erranda, Miren Artetxek eta Iñaki Etxelekuk egindako euskarazko itzulpena. Palassio ostiralean Anhauzen, larunbatean Alduden eta igandean Izuran ikusten ahalko da asteburu honetan.

Azkenik, Ximun Fuchsek beteko du hirukoa, Dario Foren umore satirikoa ekarriz «Juglarea, puta eta eroa» antzezlanean. Umore horren gozatzeko parada ostiralean Izuran, larunbatean Anhauzen eta igandean Alduden izanen da. Hiru egunotan aipatutako hiru herri horietan hiru lanok arratsaldeko bederatzietan izanen dira ikusgai.

Hirurak bat ?

Proposamen berria eta, nolabait biderkatzailea, Petit Théâtre de Pain taldearen hau. Hiru monologoek ez dute lotura berezirik beren artean eta, beraz, norberak nahi duen gisan ikustekoak dira. Hala ere, batzen dituen ezaugarri bat badute. Gizarte honetatik at bizi diren pertsonaien bizipenak kontatzen dituzte hirurek. Hori baita Petit Théâtre de Pain antzerki taldeak antzezten dituen lanen ezaugarri nagusia. «Edozein pertsona aurkezten diogun antzerkiaren aitzinean indiferente ez gelditzea da guretzat antzerki herritarra» dio Fuchsek.

Horretan saiatuko dira, hiru monologo sorta horrekin asteburu honetan. Modu batez, hirurak independenteak izanik ere, hiruko bat osatzen dute: «Hiru lanak ikusten baditugu, ageri da talde berdinekoak direla», dio konbentzituta Manex Fuchs aktoreak. Hiru ala bat? Agian, hiru eguneko asteburu honetan hirurak batean ikusi, eta bakoitzak bere iritzia egitea izanen da onena. Gonbita behintzat luzatua du Lasako antzerki taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo