Aizkora Urrezko lehiaketa
Getxon ezagutuko dira lehen finalisten izenak
Nazabal eta Mugertza II.a Larretxearen eta Atutxa II.aren aurka neurtuko dira etzi eguerdian, 12.15etik aurrera. Bi bikoteek orain arteko proba guztiak irabazi dituzte, eta biak indartsu daude
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Binakako Urrezko Aizkora ere ari da amaiera aldera gerturatzen, eta lehen finalerdiak bai helduen mailan, bai gazteen mailan, etzi jokatuko dira Getxon. Saioak, 12.15ean hasiko dira, eta Euskal Telebistak zuzenean emateko asmoa du.
Lehen finalerdi horretan, Larretxea eta Atutxa II.a Mugertza II.aren eta Nazabalen aurka neurtuko dira. Lehenengoak dira faborito, baina edozer gerta liteke hor. Gakoa bi gazteen artean egongo da, ziurrenik. Larretxearentzat lan egokiak dira hauek, eta Nazabalentzat ere zer esanik ez, Etxarriko txapelduna, lan mota guztietan moldatzen baita ongi.
Gakoa, beraz, gazteek egiten duten lanean egon liteke. Atutxak 18 urte ditu, eta Mugertzak, berriz, 20. Lehenengoarentzat pasa den urtea ezin hobea izan zen. Bizkaiko maila nagusiko txapela jantzi zuen, baita binakako Bizkaiko Irekia irabazi ere. Urrezko Aizkoran ere faboritoen artean agertzen da bikoa, baina finalerdietara heldu diren lau bikoteetatik edonork irabaz lezake.
Mugertza gaztea ere ongi ari da. Eskarmentu handiko aizkolaria da, nahiz eta oso gaztea den. Teknikoki oso ona, eta plazetan ongi ohitutakoa. Txapelketa honetan ederki moldatu da Nazabalen alboan, eta finalerdietan ere orain arte erakutsi duen guztia erakutsi nahi du.
Bi biko hauek orain arte jokatu dituzten proba guztiak irabazi egin dituzte, beraz, galtzen duenak, bat galduta esan beharko dio agur lehiaketa honi.
Lanak, berriz, orain arte egin dutenarekin alderatuta, aldaketak izango ditu, eta kirolariek lan gehiago egin beharko dute. Hasteko, zeinek kolpe gutxiagotan 45 ontzakoa moztu neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak, enborraren alde bat erdibitu beharko du. Ondoren, erlojuz kontra bi 45 ontzako moztu beharko dituzte, bakoitzak bana. Hirugarrenik, txanda librean, zutik onbiko bat ebaki beharko dute. Laugarren lanean, kana-erdiko bat zutik, eta beste bat etzanda moztu beharko dute. Bosgarrenean, txanda librean, 80 ontzakoa izango dute aurrez aurre zeinek azkarrago moztu, eta azkenik, txanda librean, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztuko dituzte.
Lan berri hauek izango dute zer esana, baina zutik moztu behar duten oinbiko horrek min dezente egin lezake, batez ere gazteei dagokionez. Hor ongi moldatzea garrantzitsua izango da. 80 ontzakoa ere moztu beharko dute, nahiz eta hori etzanda izango den. Hala ere, ez da lan samurra izango, normalean ez baita tamaina horretako enborrik erabiltzen lehiaketetan. Lan guztiak burutzeko denbora gutxien behar duenak lortuko du Azpeitin martxoaren 1ean jokatuko den finalerako txartela.
Gazteak
Gazteen mailan ere lehen finalerdia izango da Getxon, etzi eguerdian jokatuko den neurketan, eta bertan Larretxea lehengusuek Kañamares III.aren eta Rodriguez II.aren aurka neurtu beharko dute.
Lehen fasean, larretxeatarrek irabazi egin dituzte jokatutako bi saioak, eta Kañamaresek eta Rodriguezek, aldiz, bat irabazi eta bestea galdu egin dute. Hori ikusita, bikote nafarra atera daiteke finalerdia irabazteko faborito, baina neurketa batean edozer gerta liteke. Nafarra eta segoviarra ere ongi daude, eta horiek ere irabazteko prest agertuko dira.