Xabier Izaga Irakaslea
Komunikazioa
Gasteizen Ken Follet idazleari egin dioten estatuak halako polemika sorrarazi du hirian. Batzuk pozik agertu dira, zergatik oso ondo jakin gabe, baina entzun dute ona dela hiriarentzat eta, adituek hala esaten dute-eta, zergatik ez sinistu? Idazleari esker ona agertzeko modu bat da. Zenbaitek uste baitu Gasteizko katedralaren gaineko liburu bat idazteak esker ona merezi duela. Baina ez dakite bere eleberrian ez duela aipatu ere egiten ez katedrala ez Gasteiz, ohartxo batean bere lana Gasteizko katedralak iradokia dela badio ere. Ez dakite, halaber, berrogei urte barru literaturazaleek, modako idazlearekin batera -eta, kasu, inork ez dezala hemen best-sellerren kontrako maiseorik ikus- Proust eta Joyce irakurtzen jarraituko dutela, eta inor gutxik jakingo duela Ken Folleten berri. Hala eta guztiz ere, bego; «zergatik honi bai eta etxeko hamaikari ez?» eta horrelakoak gaindituta, Ken Folletek famatu egin omen du Gasteiz eta hortxe du bere estatua hiperrealista, idazle galestarraren jarraitzaileak trumilka ekarriko dituena.
Badugu, beraz, Gasteiz munduarekin komunikatuta ia bi metroko burdinaren bidez, baina ez da nahikoa. Eta hor ari dira, Bilbo, Donostia eta Iruñea bezala, Madrilekin eta Parisekin, alegia Europarekin, lotzeko lanetan. Beharbada Ken Folleten estatua Abiadura Handiko Trenaren proiektua erabaki baino lehen egin izan balute, ez zitzaien bigarrena bururatuko. Batek daki. Baina erabakita dago eta aurrekontua -gero eta handiagoa- aurkeztuta. Hartara, egin beste erremediorik ez dago.
Bilbo eta Gasteiz artean ez dago trenik. Eta halako batean abiadura handikoa izango dugu. Aitaren batean izango gara gasteiztarrok Bilbon eta bilbotarrak Gasteizen. Amurriora edo Arrigorriagara joan behar dutenek, ordea, kotxea hartu beharko dute. Hori bai, bidaia merkeago aterako zaie. Adituek, Abiadura Handiko Trenaren aldeko adituek, herriarentzat ona izango dela esan dute, zergatik ez sinistu? Zenbaiti zerbitzu on bat -ondo ordaindu beharko dutena- egingo die eta bakan batzuei poltsikoak beteko; beraz, eragingo dituen kalteak, orokorrak eta partikularrak, badute justifikazioa, antza. Gainera, Ken Folleten jarraitzaileak ekartzeko balio izango du.
Eta, nolanahi ere, metal zati batzuk baino ez dira. Ken Folleten estatua bezala.