Itziar Basterrika Zubieta
Garraio publikoan deskontuak direla eta...
Egun batzuk dira prentsak «garraio publikoaren erabiltzaileentzat deskontuak» iragarri zituela. Izenburua bere horretan irakurrita, interesgarria dirudi; ez zubietarrontzat ordea. Gu ordezkatzen gaituen Herri Batzarrak urteak baitaramatza eskubide hori instituzioetan behin eta berriz errebindikatzen; bai udalean bai diputazioan. Gu ere garraio publikoa erabiltzearen aldekoak gara; lanera joatea, gure seme-alabek ikasketak burutzea, sendagilearengana joatea edo erosketak egitea, zaila da zerbitzu duinik eskaintzen ez badigute.
Diputazioko arduradunek, bai lehengoak, Kote Olaizolak, bai orain haren ordez dagoen Pilar Aranak, Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak, emandako erantzunak ildo berekoak izan dira: gaia aztertuko da, ez dago dirurik, hurrengo aurrekontuetan agian... Baina irakurri dudan albisteak barruak asaldatu dizkit. Tapia anderearen helburua jendea garraio publikoa erabiltzera bultzatzea da. Horrelako politikarekin zaila ikusten dut benetan. Larri bultzatuko duzu garraio publikoaren erabilera zerbitzu duinik eskaintzen ez baduzu. Ez al da logikoagoa zerbitzua leku guztietara zabaldu eta hedatzen saiatzea, eta hori lortu duzunean, erabiltzaile guztientzat deskontuak egiten hastea? Eta ez alderantziz? Foru Aldundiak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko ez du aurrekonturik, baina beherapenen politika berria finantzatzeko bost milioi euro jartzeko prest azaldu zaigu. Ulertezina egiten zait, erabat, planteamendua.
Zergak guztiok ordaintzen ditugu -edo kentzen dizkigute-, baina eskubideak aldarrikatzeko garaian zubietarrontzat badirudi diru hori ez dagoela inon. Herri honek nahi eta behar ez dituen erraustegia, makrokartzela, kuartelak... kokatzeko Zubieta leku aproposa dela aspaldi erabaki dute agintariek, baina oro har herritarren garraio publikoari eta beste zenbait aldarrikapeni ez erantzutea da aukeratutako bidea. Herri txiki honek ez du bere eskakizun eta errebindikazioetan hain erraz etsiko. Horren biziraupena eguneroko jardueran aurrera eramateko prest gaituzu. Pazientzia eskatzen diezu eralbil- tzaileei eta zubietarrok pazientzia asko dugula demostratu izan dugu. Bukatzeko, azken hausnarketa bat. Gure xede nagusia herri honek behar eta merezi dituen premia guztiak lortzeko lan egitea da. Zuek ere (herriaren ordezkariek) horren alde lan egingo duzuelakoan agurtzen zaituztet. Nahi duzuen arte...