Pedro Berrio Zornotza
Dinosauroak horizontean
Pasa den mendea joan ahala, industriaren eta zientziaren garapenak sortarazitako bestelako bizitza ereduek gure herrietan eragin zituzten aldaketa eta nahasmendu askoren oihartzuna dugu «Dinosauroak horizontean» liburua. Umetan eta gaztetan bizi izandako ezak eta nahiak klabe literarioan gogoratuz eta prozesu horretako gertaerak, makurrenak ere -errealismo gordinean- ideien iturri bihurtuz, Amurizak berregiten digun aro horretako kontakizuna da. Gainera, fikziotik ere badu tarteka hainbat osagai.
Sekulakoa idazle honek irudimenez berritu duen ibilaldia: bizibide urriak baina horizonteko ertza beste mugarik ez zuen Autzagane hegaleko etxetik, argi ibili beharra zegoen era guztietako horma handiz jositako Seminarioko etxetzarrera. Bera dela protagonista barne-pantaila horretako film luzean, asmamen psikologikoetan errime eta askotariko gaiez gogoeta egin dezakeen buruaren jabe dela egiaztatzen digu Jabierrek. Izan ere, zenbakaitzak baitira bere buruko errota horrek ehotzen dituen pentsamendu eta hausnarketak, mamitsuak gehienak, ironikoak ez gutxi, jakingarriak guztiak. Irakurleak, edonola ere, komedia franko izango du ahalegindu gabe dena doi-doi ulertzeko.
Barne-pantaila horri azpititulua jartzen dio kapitulu bakar batek osatzen duen «Dinosauroak horizontean» liburuak. Sormenaren etorbide dira bere orrialdeak, zeinetan hitzek, esanahira zuzen doazenak, urratsez urrats ideiak aparteko gaitasunaz elkar josten dituzten. Ondorioz, txetarketa eraberritu eta berriagatik nabarmentzen diren pasarte luze bezain kuriosoak datoz, atzera bira eginarazten duten kako-arte ugari barne.
Beraz, irudiaren garaiotan, multimedien menpe gaudenez, gutxiesteko arriskua badagoen arren, balio literario berebizikoa dugu eskura. Egingo nuke, ziur, obra hau ezinbesteko erreferentzi puntu bihurtuko dela euskal literaturaren historian.