GARA > Idatzia > Kultura

Independentziaren aldeko diskoa aurkeztu du MusikHerria eragileak

MusikHerria eragile eta herri diskoetxea osatzen duten hemezortzi musika taldeek independentziaren aldeko diskoa egin dute. Gainera, Hesian taldeak aurtengo Gazte Topaguneko kanta ofiziala izanen den `Zeru gorriko egunak' abestia kantatu du. Atzo, Iruñean egindako aurkezpenean, Gazte Topaguneko bozeramaile, Ainara Baquedanok, MusikHerria osatzen duten talde euskaldunei «independentziaren alde» egindako ekarpena eskertu zien.

p051_f01_100x110.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL| IRUÑEA

Independentziaren eta sozialismoaren aldeko aldarrikapena lau haizetara zabaltzea izan da MusikHerria eragile eta herri diskoetxeko partaide diren hemezortzi euskal talde disko hau egitera bultzatu dituena. Gainera, CDak dakarren lehenengo abestia, Hesian taldeak, konposatu eta abestu duena hain zuzen ere, aurtengo Gazte Topaguneko kanta ofiziala izanen da. `Zeru gorriko egunak' da bere izenburua, eta Alaia Martinek idatzi ditu hitzak. Atzo, Iruñean egindako agerraldian, Eskatu taldeko Ibai Azkona, Hesian taldeko Fran Urias, Alaia Martin eta Gazte Topaguneko bozeramaile Ainara Baquedano bera ere izan ziren.

Lehenik eta behin, Baquedanok MusikHerriak diskoetxeari disko hori kaleratu izanarekin Topaguneari egindako «ekarpena» nabarmendu nahi izan zuen, eta era berean, Hesian taldeari «independentziaren aldeko oihuari» soinua jarri izana eskertu zion.

Hala, gogorarazi zuen egun euskal kulturaren «esparru guztiek» zapalkuntza pairatu behar dutela, eta errepresioa, alderdien ilegalizazioa eta epaiketak «gure eguneroko ogia» direla. «Egoera horren aurrean, euskal gazteria independentzia eta sozialismoaren alde antolatzen da beste jendarte eredu berria eratzeko asmoz», nabarmendu zuen. Bakedanoren aburuz, aurtengo Gazte Topagunea gazteriaren indar horren «erakuslea» izango da, «urte osoan herri eta auzoetan aurrera eramaten ditugun borroka eta proiektu ezberdinei ahotsa» emateko helburua izango duelako.

Eskatu taldeko kide Ibai Azkonak,«musikaren izaera soziala» aldarrikatu zuen. «Gazte mugimenduaren parte garen aldetik, gure borrokaren eremua musika da, eta musikarena, askatasuna», jakinarazi zuen abeslari gazteak. Era berean, MusikHerria sortu zenetik, eragilea osatzen duten taldeek eta kideek hainbat borroketan parte hartu dutela gogora ekarri zuen.

Hortaz, «elkarlana» bultzatzeko borondante eta gogoa helarazi zuen Azkonak. «Oraingoan, Gazte Topagunearen inguruan ari gara lanean, baina AHT proiektuaren aurkako borrokan, gaztetxe eta presoen aldeko aldarrikapenetan ere buru-belarri sartuta gaude, eta etorkizunean ere horrela jarraituko dugu», adierazi zuen abeslariak.

Horren haritik, PSOEri leporatu zion Euskal Herriari «gerra» deklaratu izana, eta horren ondorioz, gaur egun jasan beharreko «salbuespen egoera» salatu zuen. Hala, une honetan, MusikHerriak-eko lau kide Estatu espainolak «Beren etxeetatik milaka kilometrora bahituta» dituela gogorarazi zuen.

BOST EURO

Independentziaren aldeko disko hau bost euroren truke izanen da salgai datorren otsailaren 14an «Le Monde» egunkariarekin, eta 15ean, berriz, GARArekin batera eskuratu ahal izango da.

«Abestiari errealismo puntu bat eman diogu»

Alaia Martinek ez zuen bere poza ezkutatzen egindako lanaz mintzo zelarik. Gazteak, Hesian taldeak abesten duen eta aurtengo Gazte Topaguneko kanta ofiziala izango den kantaren hitzak idatzi ditu. `Zeru gorriko egunak' du izenburua. «Abesti honi errealismo puntu bat eman nahi izan genion, ezin baita ukatu egun Euskal Herriak eta euskal gazteriak pairatu beharreko egoera zein den, baina era positiboan egiten saiatu ginen», azaldu zuen. Hala, Topagunea «komunikazio tresna indartsua» den heinean, abestiaren helburua «artistikoa baino komunikatiboagoa» izatearen garrantzia nabarmendu zuen Martinek.

Letrari dagokionez, «gogoratzeko erraza» izango omen da. «Lehenengo entzunaldian erraz ulertzeko nahiko sinplea izan behar zuen, baina, era berean, mamitsua, bigarren entzunaldian gauza gehiago ulertzeko bidea emateko. Azkenean, emaitza polita izan dela eta jendeak gozatuko duela uste dut», azaldu zuen.

Hesian taldeko abeslari Fran Uriasek, haientzat 2008ko Topaguneko abestia kantatzea «sekulako ohorea» izan dela adierazi zuen. A.V.M..

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo