Mitoekin jolasean ACB-ren Alderdi Ludikoan
Saskibaloia ez da besterik gabe begira egoteko kirola, jokatzen hastea eskatzen du. Gasteizko Europa Gizarte Etxean ACB-ren «Eremu Ludikoa» ireki zuten atzo. Santi Abad eta Joe Arlauckas beteranoak han izan ziren, bertaratutako guztiei jokatzeko gonbitea egiteko.
Arnaitz GORRITI
Askotan esaten da Kopa parerik gabeko ikuskizuna dela, bai kirol aldetik, baita giroari dagokionez ere. Sekula ahazten ez diren oroitzapenak sortzen daki hain garrantzitsua den kirol hitzordu honek. Urteek aurrera egin arren, memorian txoko bat aurkitzen du eta bertan parte hartzen zuten jokalariek, berriz, zaletuen bihotzean.
Baina hori baino gehiago ere bada Kopa. Ikuslea, «izaki pasibo» izatetik aktiboen izatera pasatzea du helburu eta, horretarako, zaleen saskibaloi grina eta memoria erabiltzen ditu. Atzo, Gasteizko Europa Gizarte Etxean sartu zen batek baino gehiagok begiak bizpahiru bider igrutzi behar izan zituen: alde batetik Solozabal, Manel Bosch eta Andres Jimenez -eta Fernando Romay bazterrean - ziren han, eta beren aurka, Rafa Talaveron, Santi Abad eta Joe Arlauckas. Urrunegi joateke Joan Maria Gavalda, Ferran Martinez, Antonio Gallo epaile ohia, Josep Senespleda, Eduardo Portela, Pepu Hernandez zeuden. ACBk antolatu «Eremu Ludikoa» inauguratzen ari ziren, beraiek jokatzen ikusiz koskortu ziren gazte eta ez hain gazteak inguruan galdezka ari zitzaizkiela. Jendearen parte hartzea bultzatzeko lana egiten ari ziren, jendeak Kopa ikusteko ez ezik, bizitzeko ere aukera izan dezan, eremu ludiko horretan saskibaloiaren joko alderdia lantzea zen xedea. Hargatik, denborak atzera jauzi handia egin zuen atzo, eta jokatzeko grinak, berriz, aurrera. Eta mitoak haragizko bihurtu ziren gainera.
Biharko «foreatzaileen Kopa» jokatzekoa den kantxa estreinatu zuten «hiru-hirutarako» formatuan. Saskiak 2,90 metroko altueran jarrita, jokalariak errazago irits daitezkeela erakutsi zuten -hainbatek jauzi egiteko arazo dezente dituela erakutsi zuen, Romayk kasu-. Horretaz gain, saski ñimiñoak eta erraldoiak baloi nimiño eta erraldoientzat, eta saski birtual bat ere erakutsi zuten, Kopak dirauen bitartean nahi duenarentzat eskuragai. Saskibaloia ez baita begira egiteko bakarrik.
Koparik irabazi gabekoa errege
Hamar urtez jokatzen ibiliagatik, MVP bat irabaziagatik, eta sekula ACB Ligan izan den jokalari karismatikoenetako bat izanagatik, Joe Arlauckasek ez du sekula Koparik irabazi. Caja de Ronda, Real Madril eta, batez ere, Taugres Baskoniako izarrak barrez onartu zuen, pazientziaz gainezka, gainera etorri zitzaion kazetari eta miresle piloa. Dena den, atzo bederen, Kopak erregerik norbait bazuen, hura Rochesterreko hegal-pibot bikaina zen.
«Kopari buruz daukadan oroitzapenik biziena honakoa da: sekula ez dudala irabazi», aitortu zuen Arlauckasek, barrez lehertzear. «Kopa oso lehiaketa berezia da. Tentsio handia izaten da, eta oso gustagarria da jokatzeko. Baina zortea ere behar izaten da irabazle izateko eta, tira, ia dena irabazi badut ere, Kopa barruan geratu zaidan arantzatxoa da. Zer egingo diogu, ba?»
Indarra eta teknika bikain nahasten zituen Arlauckasek profesional zelarik, eta, adinean aurrera egin arren eta bizkarretik arazo latzak sufritu jokalari gisa bere azken urteetan, oraindik ere lerden agertu zen Europa Gizarte etxean. Baskonista ohiek Andres Jimenez, Solozabal eta Manel Bosch eta Fernando Romayk osatutako laukoteari irabazi bazion, sasoirik onena erakutsi zuena, Andres Jimenezezez gain, Arlauckas bera izan zen. Izan ere, oraindik bere burua saskibaloiari estu-estu lotuta dauka. Aditzera eman zuenez, jende gaztea entrenatzen omen du, eta bere «ametsa, ahal bada, entrenatzaile profesional izatea» omen da.
«Argi dago urteek aurrera egin dutela, baina sasoian egoteko ahalegina egiten dut behintzat. Gainera 13-14 urteko mutikoak entrenatuz egiten dut lan. Zaharragoek ez baitidate jaramon handirik egiten. Dena dela, nire ametsa, ahal dela, entrenatzaile profesional izatea da. Zergatik ez ACB Ligan? Zelimir Obradovicekin ikasi nuen talde handi bateko kideak nola eraman behar diren eta jokoa ulertzen dut. Nik uste, entrenatzaile izan nintekeela. Zergatik ez?».
Taugreseko beste izar izandakoa Santi Abad da. Izerditan blai -«ez da adin kontua edo pisua, ez, ez! Hau berezkoa baino ez da», zioen beteranoen arteko partidaren ondoren-, Kopari buruz jokatzeko «lehiaketa aparta» dela aitortzen zuen.
«Granadan, 1994an, txapeldun izan nintzen Taugresekin. Oso ederra izaten da Kopan sortzen den giroa, baina irabazteko hori ez da nahikoa. Joko puntu onean iritsi behar duzu derrigor, bestela kontzentrazioa eta eta tentsioa ez dira ezertarako. Bestetik, beti azaltzen diren jokalariez gain, berriak ikustea nahi dut nik punta-puntan. Kopa egokia da halako sorpresarik gerta dadin».