GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskara bermatzeko hautetsien ardura gogorarazi du EHEk

Herritarrengandik gertuen beharko lukeen erakundearen ordezkari izaki, euskara bermatzeko orduan udal-hautetsien erantzukizuna nabarmendu du EHEk. Alta, kasu askotan «neurri minimoak» ere ez dituzte betetzen. «Herriko etxeek normalkuntzarako benetako hauspoa» izan behar dutelakoan, udalerrietan ofizialtasuna praktikan ezartzetik hastea proposatu du.

p021_f02_199x124.jpg

Arantxa MANTEROLA|

Egun, euskara administrazio guztietan «modu sistematikoan baztertu eta ukatzen» bada ere, bereziki udal administrazioan pairatzen duen egoera izan zuten aipagai, atzo Ziburun, Euskal Herrian Euskaraz taldeko ordezkariek.

Hizkuntzaren normalizazioan herriko-etxeek bete behar duten papera «estrategikoa» dela adierazi zuen Eulate Zilonizaurrekoetxeak. «Ukapena eta bazterketa», ordea, eguneroko ogi bilakatu direla salatu zuen, Kontseiluak 66 udalerritan egindako azterketaren ondorio «kezkagarriak» gogoratuta. Datu horien artean, puntuazio okerrenak euskara erabat edo batere ofiziala ez den eremuetan kokatutako hainbat herrik (Atharratze, Zangoza...) izan zituztela nabarmendu zuen. Alta, ez ziren bakarrak izan, «ofizial» izendatutako beste batzuetan ere (Portugalete, Ermua...) emaitzak «kaxkarrak» izan baitziren.

«Ez dago herririk normalizazio bidean neurri minimoak ere betetzen dituenik» esan zuen Zilonizaurrekoetxeak, egoera horren «erantzule nagusiak udal-ordezkariak» direla gaineratuta: «Herritarrengandik hurbilen beharko lukeen erakundearen ordezkari izaki, beraiei dagokie lehenik herritarren hizkuntza eskubideak defendatzea eta euskara normaltzeko neurriak ezartzea».

Neurri «eraginkorrak»

Herriko etxeak euskalduntzeko bidean, «neurri eraginkorrak» abian jartzeko premia nabarmendu zuen, bestalde, Yves Matxikotek. Hasteko, udalerrietan bertan euskara ofiziala eta lehentasunezkotzat hartu beharko litzateke, hizkuntza politika diseinatu eta horren arabera, araudi eta ordenantza egokiak finkatu. Udal-ordezkariek «eredu» izan beharko luketen heinean, euskara jakitea eta bere lan hizkuntza bilakatzea ezinbestekotzat jo zuen. Berreuskalduntze prozesuan, betiere, UEMA dutela helmuga gogoratu zuen Matxikotek.

Euskarak aitzina egingo badu, «herritarren babesa behar duen bezala, herriko-etxeak hauspoa izan behar du» EHEko ordezkariaren esanetan. «Euskal Herria euskalduna eraikitzeko adreiluak ipintzen joango gara, herritik lortuko baitugu herri euskalduna erdiestea» gaineratu zuen.

MANIFESTAZIOA

Martxoaren 1erako, EHEk manifestazioa antolatu du «Herriz herri Euskal Herri euskalduna eraiki» lelopean. Manifestazioa arratsaldeko 17.30ean abiatuko da Ziburuko plazatik. Atxikimendu ugari jaso ditu.

Ziburuko herriko-etxea, euskararen debekuaren adibide

Ziburun antolatu manifestaziorako hainbat traba ezarri dizkio EHEri bertako herriko-etxeak, besteak beste, ondoren egin nahi zuten jaialdia debekatu egin dio. «2006an Euskal Konfederazioarekin euskara sustatzeko sinatutako hitzarmena aurpegi zuritze bat besterik ez da izan; jakinarazpena bera erdara hutsez igorri digute; ez dute lotsarik» salatu du EHEk.

Guy Poulouk (UMP) zuzentzen duen udalaren jokaeraren beste adibidea atzoko agerraldian bertan izan zen. Herriko-etxearen atarian, inori traba egin gabe, jarri ziren EHEko ordezkariak baina prentsaurrekoa hasi bezain laster, herritar «eredugarri» baten laguntzarekin, polizia bat gerturatu eta handik mugiarazi zituen, «hemen Frantzian gaude eta eremu publikoan aritzeko baimena behar duzue» esanez eta polizia-etxera deitzeko mehatxu eginez. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo