GARA > Idatzia > Ikusmira

Frantziaren ardura nabarmena Afrikako egoeran

Mendebaldeko komunikabideek, Afrikako gatazkek larritasunean gora egiten dutenean, elementu etnikoa edo tribala nabarmentzeko joera dute. Kenyaren kasuan argi eta garbi ikusi ahal izan dugu ikuspuntu hori oraintxe. Horietatik gutxik nabarmentzen dute, ordea, Mendebaldeko herrialdeek gatazka horietan duten ardura eta, oraindik, gatazka horiek areagotzen edo mugatzen duten eragina. Batez ere, europar indarren kolonia ohien kasuan.

Ildo horretan, frantziar Estatuaren adibidea bereziki azpimarragarria da. Afrikan frantziar kolonia izan ziren herrialdeetan Errepublikaren eragin ekonomiko, militar eta politikoa zuzena da oraindik. Adibidez, azken lau hamarkadetan, 30 esku-hartze militar baino gehiago egin ditu bertako gatazketan. Ez militarrak soilik, horra hor Txadeko haurren kasua.

Azken urteetan nazioarteko beste zenbait eragilek -Txinak, bereziki- Afrikan duten eragin ekonomiko eta politikoa handitu egin dute. Energia azpiegituretan inbertsio handiak egin dituzte eta, ondorioz, beraien esku-hartze politikorako gaitasuna ere handitu egin dute. Horrek frantziar Estatuaren zein enpresen eragina mugatu dezake. Halere, gaur GARAk argitaratu duen erreportajeak erakusten duen bezala, frantziarren eraginak Afrikan erro sakonak ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo