Kronika | kopa, kirola baino askoz gehiago
Saskibaloian ere askotxo kostatzen da aukeran auzokoari txalo egitea
Futbolarekin alderatuta, saskibaloia oso kirol ezberdina dela esaten da. Hala ere, «belarrean» gertatzen den bezala, atzo ere bi euskal taldeek jokatzeak ez zuen ekarri beharko lukeen anaitasuna eta, «besteak» jokatu zuenean, hoztasuna egon zen arabar eta bilbotarren artean, kasurik onenean.
Jon ORMAZABAL
Historian lehen aldiz, bi talde euskaldun izan genituen atzo Zurbaoko pabiloian eta Baskonia eta Bilbao Basketen zaleek ez zioten laguntza handirik eman A-68 autopistaren behealdekoei. Kasurik onenean, euren lekuetan eserita egon ziren zaletu euskaldunak, egon baitzen «atzerritarrak» animatu zituenik ere. Armi, bizkaitarren maskotak, txistu hotsak entzun behar izan zituen eta ez espresuki bere diseinuan lan gaitzik hartu ez dutelako.
Jokatzen lehenak gasteiztarrak izan zirenez, bilbotarrei egokitu zitzaien arabarrekin zer egin erabakitzea. Partida zirrara berezirik gabe ikustea erabaki zuten, nonbait, eta noizean behin Zurbaoko harmailak «mindu» zituen «Bilbao, Bilbao» ohiuak, besterik ez zuten egin. Horretxek eman zien bigarren partidan bilbotarrak ez animatzeko aitzakia gehiengo ziren gasteiztarrei eta Dusko Ivanovicen presentzia aitzakiatzat hartuta, batek baino gehiagok Barcelona animatu zuen. Talde guztiak animatu zituen bikote kanariar batengandik, harmailetako jaun eta jabe izan ziren-eta, badute zer ikasia bateko zein bestekoek.
Kalean futbolean ohikoa ez den normaltasuna izan zen nagusi. Saskibaloi hiria izaki, basket gosez esnatu zen Gasteiz eta laneguna zen arren, goizean goizetik antzematen zen egun berezia zela, eta ez bakarrik eguraldiak Hertzainak-en garaiko «Euskadi tropikal» hura gogora ekartzen zuelako. Elurraren beldur heldu ziren andaluziarrek soberan zituzten ekarritako beroki potoloak, kalera irten zirenerako behelainoa erabat jasoa zelako.
Aulki hutsak
Eguzkiari bezala, kosta egin zitzaion Alde Zaharrari talde desberdinen koloreak bertaratzea, esfortzu gehienak horren eskari handia zuten azken sarrerak erosten jarri baitzituzten askok. Interneteko foroak puri-purian egon ziren egun osoan. Hala ere, askoren beldurrak bete-betean gauzatu ziren eta lehen partida hasi zenean, nahi baino gehiago izan ziren hutsik agertu ziren eserlekuak, batez ere, gende garrantzitsuarentzat gordetako horien artean. Bitartean, partidarekin eta bertako giroarekin izugarri gozatuko zukeen zale ugarik partida etxeko egongelan, tabernan edo Mendizorrotzako eta La Casillako pantaila erraldoietan jarraitzearekin konformatu behar izan zuen.
Halakoetan gertatu ohi den bezala, birsalmentak funtzionatu funtzionatu zuen, baina askok bere negozioa arrisku bizian ikusi zuen eta partida hasteko ordua gerturatu ahala, prezioak merkatzen joan behar izan zuten, azkenean, dirua galdu barik.
Partidak amaitutakoan ere izan zen «tratuan» aritu zen bat baino gehiago. Norberaren talderik gabe Kopak zirrara galtzen duenez, galtzaileen zaleak oso begi onez hartu zituzten denek.