GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Rolando Sánchez Bertsolaria

Zer demontre egin behar dugu euskararekin?

Ikastola haiek sortu izana «kontrabotere» bat huen? Orain jada kontrabotererik ez duk beharrezkoa?

Urtarrilaren 31n Joxerra Gartziak Euskadi Irratian egin zuen solasaldiak izenburu hori zuen. Viñaspre eta biok kotxean entzun genuen Orduñarako bidean hango eskola publikoan 8 urteko umeekin eguen zuriko koplak kantatzera joan behar genuela-eta. Beti bezala gozatu nuen Joxerraren hizketarako trebezia eta baita aipatu zituen hainbat ideia ere. Beste batzuk, ordea, asko atsekabetu ninduten, eta kezkatu ere bai.

Solasaldia luzetxo joan zen eta ideia asko agertu zituen Joxerrak, batez ere euskararen erabileraren gainean, baina tartean kritikak ere sartu zituen, batetik instituzioen hizkuntz politikaren eraginkortasunari eta, bestetik, beste «hizkuntz zuzendaritzak», Kontseiluak alegia, darabilen martxari, izaerari, eta abarri, «bi hizkuntz zuzendaritza» izatea ez dela ona erantsiz... Gure herrian hainbat alorretan agertzen den dikotomia da horren atzean «omen» dagoena: PNV eta ezker abertzalea. Oso ondo ematen du bi torreen arteko harian ibiltzeak, bati so, besteari so, kontu kantari, baina hari finetik dabilenak badu irrist egiteko arriskua:

1-Kontseilua AEK, Artez, «Berria», Elkarlanean-Zabaltzen, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, Ilazki, Oinarriak, Plazagunea eta Sortzen-Ikasbatuaz-ek osatzen dute. Zuzen-zuzen ez huen lotura egin, baina neuk behintzat ulertu nian hire arabera Kontseilua ezker abertzalearen kontrolpean dagoela. Nik ez diat parte hartzen ez Kontseiluan, eta ez Kontseilua osatzen duten elkarte eta erakunde horietako batean ere, baina nahiko larria iruditzen zaidak hire epaia, irratian hola-hala esateko.

2-Kritikatu huen euskalgintzako sektore horrek «kontrabotere» bat eraiki nahi izatea, eta aldarrikatu huen beste sektorearekin (instituzioekin) elkarlan gehiago eta bestelako harremanak egin behar direla. Hala ere, goraipatu huen guraso batzuek nola sortu zituzten ikastolak, instituzio batzuk euskara «bultzatzen» hasi baino lehen. Zehaztu ez huen zehaztu «kontrabotere» hori zertan datzan, baina sektore hori zertan aritzen den ikusita, aukerak izan zitezkek: euskal herri osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea, euskalduntzea eta alfabatetzea dohanik izateko eskubidea, euskal curriculuma osatzea, euskal eskola sortzea, euskal unibertsitatea... Jakina, horietako bakar baten kontra azaltzea ez duk polita, berez, euskaldun gehienek (hik ere bai, seguruena) konpartitzen ditugun helburuak direlako; beraz, bi dorreen artean dabilenarentzat hobe duk «kontrabotere» hitz misteriotsua erabili eta ezker abertzalearekin nahastea, ezta?

3-Aurreko guztia esan ondoren, aipatu huen (nik konpartitzen diat) hedabideak-eta demokratiokoak balira, gure herrian argitaratzen duten %30 euskaraz izan beharko litzatekeela, euskaldun kopurua hori delako; beraz, hegoaldean, adibidez, Tele5, «El Mundo» edo La Sextak heren bat euskaraz eman beharko luketela. Baina, hori aldatzea «nola nire esku ez dagoen», bada hik aukeratu duala aldatu eta hobetu daitezkeen esparruetan jardutea. Hautu zilegizkoa eta, gainera, neuk, behintzat, hire eta beste askoren emana jarraitu eta eskertzen diat: erabilera, esan-indarra, adierazkortasuna... oso beharrezkoak dituk, izan ere; kezkatu ere kezkatzen naik euskararen kalitateak eta gazte askok euskaraz duten txispa faltak. Beharrezkoa duk lan hori, baina ez nahikoa.

4-Begira Joxerra, nik A ereduan ikasi nian Gasteizen, ikasketak bukatu eta 12 urtera euskara-irakasle gisa euskaltegian izan nuen azken taldean (1. urratsa orain dela 3 urte), besteak beste, Gasteizen jaiotako 18 eta 21 urte bitarteko 3 neska zeudean. Nola A eredua kentzea ez dagoen «hire esku», gu ez gaudek «hire esku». Bitxiak dituk hizketa-hariak batu ditzakeen paradoxak: elkarrizketaren hasieran ikastolak sortzen hasi ziren guraso militante haiek goraipatu hituen eta gero «ez dago nire esku» aldarrikatu: zer pasa zatekeen guraso horien jarrera euskara etxerako gordetzea izan balitz, etxetik kanpokoa aldatzea beren esku ez zegoelako? Bide batez: ikastola haiek sortu izana «kontrabotere» bat huen? Orain jada kontrabotererik ez duk beharrezkoa?

Erabilera bultzatzeari bai, kalitatea hobetzeari bai, instituzioekin elkarlana egiteari bai (posible denean, jakina). Baina euskal curriculuma osatzeari, euskal eskola sortzeari, dohako euskalduntzea aldarrikatzea eta borrokatzeari ere bai: baskongadetako A, B eta D ereduko askok, Nafarroako eskualde gehienetakoek, lapurtarrek eta xiberutarrek eskertuko diagu, izan ere, Euskal Herria txikia baina zabala izatean, denok ez diagu guraso euskaldunak eduki edo ikastolara joateko aukera izan (eta, bide batez, zuen familian bezala, Donostian jaio edo bizitzeko ditxa).

Nahiz eta gaur mingain ozpindua ekarri, etzak gaixki hartu, baina Patatalandiatik zenbait iritzi onargaitzak egiten zaizkidak. Portzierto, hemen sortzen goazen euskalki propioan hola despidetzen gattuk: egongo garete! ez duk xuxen-xuxena, baina kalekua bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo