GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa

Eman Gorputz Heziketari zor zaion garrantzia!

Egoera ludikoek indartu egiten gaituzte, imajinazioa elikatzen dute, erabakiak hartzeko gaitasuna indartzen dute eta harremanak hobetzen dituzte

Azkenaldian EAEko dekretua dela-eta, Gorputz Heziketa arloaren inguruan gizartean zabaldu den tentsio egoeraren inguruan, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak (EHIK) eta honen barruan Gorputz Heziketa arloaz arduratzen den proiektuak, Xibak, honakoa adierazi nahi dute:

1-Historian zehar eta gaur egun gure herriaren lurraldeetarako curriculumak diseinatu eta ezarri dituzten Espainia, Frantzia, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoak Gorputz Heziketa arloari ez diote eman zor zaion garrantzia.

2-Azken adibidea Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak aurkeztu duen dekretua da: EHIKko Xiba proiektuko kideek euskal curriculumaren testuinguruan Gorputz Heziketa arlorako landu zuten planteamendutik hainbat ideia eta kontzeptu hartu eta desitxuratu egin ditu. Gorputz Heziketa arloak landu behar dituen edukien eta hastapenean jasotzen den filosofiaren artean haustura eman da.

3-Arloen ordu banaketari dagokionez, guk eskola eta ikastolen autonomia aldarrikatzen dugu, eskola bakoitzak bere beharren araberako hezkuntza proiektu propioa sortzearen alde baikaude. Dekretuan agertzen den ordu banaketak ez du laguntzen ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren egokitzapenean.

4-Gu Euskal Herri osorako curriculum propio baten alde gaude. Bide honetan, EHIK eta beste zenbait erakunde garatzen ari diren Euskal Curriculumean Gorputz Heziketa arlorako proposamena luzatu dugu. Proposamena hezkuntza formalari begira egin den arren, eguneroko bizitzan eta bizitza osoan erabilgarria izatea du helburu eta Euskal Curriculumean zehazturiko Hezkuntza Xedeak lortzeko ere ezinbestekoa dela argi geratu da:

Nork bere burua ezagutzea eta norbera izaten ikastea: Emozioen lanketa arlo guztietan bideratu behar dela uste dugun arren, gurean aukera gehiago dugula uste dugu, egoera ludikoek eguneroko bizitzako egoerak irudikatzeko aukera eman eta horien bidez hainbat egoera esperimentatu baititzakegu.

Jokabide motorraren bidez geure buruaren erritmoak eta zikloak ezagutzeko aukera dugunez, inguruarekin orekan bizi gaitezkeenez eta kulturarekin bat egiten dugunez, geure buruarekin eta inguruarekin harmonian bizitzeko aukera izango dugu.

Osasuna osotasunean ulertzeko beharra dugu. Batzuek elikadurarekin lotzen dute, beste batzuek jarduera fisikoarekin, beste batzuek biekin... Beste batzuetan kirola eta osasuna lotzen ditu jendeak, nahiz eta lehiaketaren ondorioz, nahiko kontrajarriak izan egoera batzuetan. Jokabide motorra osasunak dituen ezaugarriak lantzeko bide bakarra ez izan arren, osasuna bere dimentsio osoan ulertzeko baliabide asko eskaintzen dizkigu.

Pentsatzen eta ikasten ikastea: Nahiz eta mugimendua gure arloaren ezinbesteko baldintza izan, ez da pertsonen oinarrizko baldintza bakarra. Mugimenduek ekintza behar dute, mugimendu gehienak intentziodunak baitira. Erabakiek asmo zehatza, helburua, intentzioa bilatzen dute eta hor sortzen da jokabide motorra, eta honexegatik da ekintza motorra gure arloaren muina.

Pertsonon biziraupena erabat lotua dago motrizitatearekin. Geure burua arriskuan sentitzean, modu arrazionalean zer egingo dugun pentsatu aurretik, gure burmuin linbikoak erabaki motorra transmititzen du. Mekanismo linbikoa ziurgabetasunak jartzen du martxan eta egoerak bizi ahala, ziurgabetasun eremua gero eta txikiagoa da eta gure erabaki motorrak gero eta neurtuagoak.

Komunikatzen ikasi: Nahiz eta jendarteak hitzari garrantzi handiagoa eman, jokabide motorra komunikaziorako oso garrantzitsua da, gorputz adierazpen praxemikoa ezinbesteko baldintza baita besteekin modu asertiboan komunikatzeko.

Pertsonon garapen integrala lantzeko, garapen psikomotorraz gain, ingurune sozialaz eta fisikoaz jabetzen laguntzen digun garapen soziomotorea ere lantzea behar-beharrezkoa da.

Elkarrekin bizitzen ikastea: Pertsonen arteko edozein harremanetan, jolas eta jokoetan bezala, elkarbizitzarako arau batzuk beharrezko dira. Arau hauek eta kanpoko elementuek gure jarrera etengabe moldatzen dute. Jolas eta joko arauen bidez barne logika barneratzen eta errespetatzen dugu eta kanpo logika berriz, jolas eta jokoen inguruko unibertso sozialak osatzen du.

Gure jokabide motorra erabat lotua dago gure kultura tradizional eta sinbolikoarekin, jolas eta jokoak kulturaren isla zuzenak baitira. Pertsonon garapenak hizkuntzarekin eta kulturarekin lotura zuzena duen bezala, jokabide motor tradizionalarekin ere badu (etnomotrizitatea).

Kirola jolas eta jokoen perspektibatik aztertuz gero, jarduera ludikoen eta kulturen arteko loturak deskubrituko ditugu eta ikuspuntu honetatik jolas eta jokoen heterogeneizazioa bultzatzeaz gain, herrien arteko errespetua bultzatuko dugu.

Egiten eta ekiten ikasi: Ludikotasuna bizitzako une gogorrei eta une monotonoei aurre egiteko egoera atseginak asmatzea da. Egoera ludikoek indartu egiten gaituzte, imajinazioa elikatzen dute, erabakiak hartzeko gaitasuna indartzen dute eta harremanak hobetzen dituzte. Pertsonen autonomia eta konfiantza indartzen du eta gatazkak konpontzeko ere tresna ezin hobea da.

Alde horretatik dei egiten diegu ikastolei, EHIK-n Xiba proiektuak proposatzen duen ereduari jarraiki, Gorputz Heziketari behar duen garrantzia emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo