GARA > Idatzia > Euskal Herria

2007ko datuek Bai Euskarari Ziurtagiriarekiko fideltasun handia erakusten dute

Ibilbidearen errepasoa egin, eta aurrerantzean jarraituko duen norabidea aztertu du Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaritzak. Bai Euskarari Ziurtagiria urtez urte zabaltzen ari dela nabarmendu du.

GARA |

Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren 2007ko balantzea plazaratu zuen iragan asteazkenean. «Iazko datuek begi-bistan utzi dute Bai Euskarari Ziurtagiriarekiko fideltasuna oso handia dela, izan ere, erakundeen % 92 inguruk berriztatzen dute urtez urte», adierazi zuen Rober Gutierrez zuzendariak. Elkartea Kontseiluaren ekimenez sortu zen ekainaren 7an, bereziki eta esklusiboki Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketaz ardura zedin.

Bertako kudeaketa organoetan hiru bazkide mota daude ordezkaturik: babesleak (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen duten kideak), erabiltzaileak (ziurtagiria eskuratu eta erabiltzen duten erakundeak, proiektuaren garapenean ere parte hartzen dutenak) eta laguntzaileak.

Sorreratik emaitza onak izan dituzte: «Elkartea martxa onean doa», eta %8ko hazkundea izan da ziurtagiria dutenen kopuruan. Abenduaren 31n Euskal Herriko 1.517 entitatek zuten euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen duen tresna hori. Entitate guztiak elkartearen parte bilakatu dira. Ziurtagiria enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek euskararen normalizazioan ematen dituzten pausoen adierazgarri izaki, urratsak ematen ari diren erakundeak dira protagonista. Horregatik, berebiziko garrantzia du hauen ekarpenak kontuan hartzeak, Rober Gutierrezen arabera.

Erreferentzia ugari

Gasteizen elkartu zen zuzendaritza, eta azken urteotako ibilbidea errepasatu ondoren, datozen urteotarako norabidea aztertzeari ekin zioten. Bai Euskarari Ziurtagiriak urtez urte duen hazkundea ikusita ildo beretik jarraituko dutela azaldu zuten. Orain arte bezala jarraituko dute zabaltzen, gogoz eta ilusioz.

Ordezkarien arabera, nabarmentzekoa da ziurtagiriarekin konprometitu direnen lana, eta erreferentzia diren zenbait enpresa aipatu zituzten. Bertzeren artean, Cegasa, Arlan, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Kutxa, Visesa, Euskadiko Kutxa, Saski Baskonia, Gipuzkoako Ur Partzuergoa, SPRI, Eroski eta Kalitatea Fundazioa.

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu nahi duten entitateek euskararen aldeko neurri zehatzak hartu behar dituzte eta, horretarako, elkarteak entitate bakoitzaren egoerara egokitutako helburuak proposatzen dizkie.

Interesa duenak www.baieuskarari.org webgunean eskura dezake informazio zehatzagoa, baita info@baieuskarari.org helbidera idatzita edo 902 430026 telefono zenbakira deituta ere.

emaitza onak

Ordezkariak kontent dira, emaitza onak dituztelako hasieratik. Abenduaren 31n 1.517 erakundek zuten Bai Euskal Herriari Ziurtagiria, euskararen normalizazioaren aldeko lana baieztatzen duena.

neurri zehatzak

Ziurtagiria lortu nahi duten erakundeek hizkuntzaren aldeko neurri zehatzak hartu behar dituzte eta, horretarako, elkarteak erakunde bakoitzaren egoerara egokitutako helburuak proposatzen dizkie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo