Berezkoen Buruz Burukoa
Etxetok eskura dauka finalerako txartela
J.L. | BAIONA
Berezkoen Buruz Buruko finalerdietako ligaxka hirugarren eta azken jardunaldira heldu da, eta gaur bertan jakingo da txapelaren lehian arituko den pilotarietako baten izena. Bihar, beste multzoko beste bi partidak jokatuko dituzte Baigorrin, eta han ezagutuko da bigarren finalistaren izena.
Donapaleuko trinketean amaituko dute beren lana A multzokoek, eta hiru pilotari dira finalean sartzeko aukerak dituztenak. Hala ere, egoerarik onenean dagoena Thierry Etxeto da. Honek dena esku-eskura dauka.
Ezkurra II.aren aurka jokatuko du bere partida, eta garaipena lortzen badu, finalean izango da. Bere aurkariak, egungo txapeldunak, Ezkurrak, alegia, irabazi egin behar du, baina gero bakoitzak zenbat puntu egiten dituen ikusi beharko da. Irabazita ere, ez dauka sailkapena ziurtatuta. Izan ere, Etxetok orain arte jokatu dituen bi partidak irabazi egin ditu, eta Ezkurrak, aldiz, Dermit mendean hartu baldin bazuen ere, ezin izan zuen gauza bera egin Sorhetekin
Honen aurretik, Sorhuetek eta Dermitek jokatuko dute. Azken honek ez dauka inongo aukerarik, baina bai Sorhuetek. Dermitek jokatu dituen bi partidak galdu egin ditu, eta oso kintze gutxi eginda, gainera.
Pausuako aurrelariak, ordea, baditu finalean izateko aukera, eta horietaz baliatu nahiko du. Irabazi egin behar du, eta Dermitek oso kintze gutxi egin beharko dizkio. Ondoren, Ezkurrak irabazi egin beharko dio Etxetori, honek garaipena lortzen baldin badu, ez baitu ezer egiterik izango. Dena hala izatekotan, Ezkurraren eta Sorhueten tantoen arteko kontuak egin beharko dira.
Jaialdia, 16.00etan abiatuko da;lehen partidan Sorhuietek eta Dermitek jokatuko dute, eta bigarrenean, berriz, Ezkurra II.ak eta Etxetok. Giro aparta, zalantzarik gabe, gaur Donapaleuko trinketean izango dutena.