Mattin Irigoienen antzezlan berria ikusgai izanen da bihar
Eneritz ZABALETA | BAIONA
Donapaleu eta inguruak batzen dituen Amikuze eskualdeko Kitzikazan/k antzerki taldeko gazteek antzerki berria estreinatuko dute bihartik aitzina. Mattin Irigoien baxenabartarrak idatzi du «Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean» amikuztarrek emanen duten obra.
Irigoienek, antzerki honetan ekologiaren, ingurumena eta planetaren orekaren zangoz goratzea ditu gai nagusi. Baina, baxebartarrek ohi dutenez, gai serio hauek ironiaren eta umorearen bidetik jorratuko dituzte Kitzikazan/k antzerki talde gazteko kideek.
Eszenografiari dagokionez, publikoaren eta antzezleen arteko hurbiltasuna bilatuko dute an- tzezleek, eta antzerki formala baino, lagun arteko solasaldiaren itxura emanen diote emanaldi bakoitzari. Ikusgarri intimoa eta konplizea eskaini nahi dute amikuztarrek.
Bi bertsolari kantuan
«Loreak mendian, ondarkinak lurpean eta bideak gainean» antzerkiaren beste ezaugarri nagusia, bertsoaren parte hartzea da. Izan ere, lehenago Antton Lukuren «Escualdunak» obran egin izan zen bezala, bi bertsolari bat-batean arituko dira antzerkiaren erraiei errefera neurtu eta errimatua emanez.
Antzezleen gaztetasuna dela-eta, eta azterketa garaiak hala aginduta, hiru astez ikusten ahalko da Irigoienen antzerki berria. Bihar Ainizako Laborantza Ganbaran arituko dira, bertsotan Maialen Lujanbio eta Estitxu Eizagirre hernaniarrak lagun izanen dituztela. Etzi, berriz, Domixtinera joanen dira Kitzikazan/k taldekoak. Bertsotan Andoni Egaña Euskal Herriko txapeldun zarauztarra eta Uxue Alberdi elgoibartarra arituko dira.
Hurrengo bi asteburuetan formatu berean arituko dira Kitzikazan/k taldeko antzezleak, eta an- tzerkiaren azken emanaldia martxoaren 2an emanen dute Saran. Azkenekoan, Jon Martin oiar- tzuarra eta Patxi Iriart hiriburuarra arituko dira bertsotan.