Portlandek azken aukera du urtea txukuntzeko
GARA | IRUÑEA
Asobal Ligan ezer askorik egiteko aukerak urritzen ari zaizkion honetan, Portland San Antoniok Europara begiratu behar du denboraldia nolabait txukundu nahi badu. Hala ere, bigarren faseko aurreneko jardunaldian Zagreben hondoa jo ondoren, gauzak dezente zaildu zaizkio Javier Cabanasek zuzentzen duen taldeari.
Ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa izango da talde nafarrarentzat gaur arratsaldeko 16.00etatik aurrera Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan Flensburg taldea menpean hartzea. Uneotan nafarrak hirugarren taldeko laugarren eta azken postuan daude, punturik gabe. Aurreneko lekuan, berriz, Alemaniako Hanburgoko taldea doa, bi jardunaldi jokatu eta hiru puntu eskuratuta, herenegun Croatia Zagreb taldeari 32-29 irabazi ostean.
«Logikoa da Hanburgokoek beren kantxan partida aurrera ateratzea. Noski, horrek gauza bera egitera behartzen gaitu», aitortu zuen Javier Cabanas, nafarren entrenatzaileak. «Ligan jaso dugun kolpetik onera etortzeko, terapiarik onena Flensburg garaitzea da. Hala eginez gero, Zagrebekin bat egingo genuke eta Flensburg gainditu. Irabaziz gero, beraz, gauzak beste modu batera ikusiko genituzke», onartu zuen.
Teknikari kantabriarraren iritziz, Portland San Antonioren betebehar nagusiena «taldearen berezko ezaugarriak berreskuratzea» da. «Alde nabarmena dago gure jokoan, etxean ala kanpoan jokatu. Irregulartasuna da gure aurtengo jokoaren ezaugarri nagusiena, baina etxean lehiakorragoak gara. Kolpea jaso ostean, taldea erreakzionatzeko gai izango dela uste dut. Ezin dugu Iruñetik puntu bakar batek ihes egitea utzi», adierazi zuen.
Flensburg ez da badaezpadako taldea. Bundesligako liderra da eta jokalari bikainak dauzkate. Gutxienez, talde alemaniarrari aurre egiteko lantalde osoa prest izango du Cabanasek.