GARA > Idatzia > Eskubaloia

errekopa

Bi gol, eta Akabak eskura ditu final laurdenak

GARA | DONOSTIA

Bi gol egin, eta Errekopako final laurdenetara sailkatzeko modua izango luke Reyes Karrerek zuzentzen duen Akaba Bera Bera taldeak. Beraz, duen guztia eman beharko dute Buducnost taldearen aurka joaneko partidan lortutako emaitza itxurosoari errematea jartzeko. Final zortzirenetako itzulerako neurketa gaur arratsaldeko 16.30ean hasiko da eta ETB-1ek zuzenean eskainiko du.

Joaneko neurketa 29-27 amaitu zen Montenegroko taldearen alde. Emaitza bikaina benetan, donostiarrentzat, 5.000 pertsonaren aurrean Buducnosten aurka jokatutako partida hartan. Bi goletako aldea, horren eskasa dena, Buducnosteko entrenatzaile eta jokalariek beraiek ere onartu behar izan dute asteon, eta zaleei «barkamena» eskatu diete, gipuzkoarrek agertutako ezusteko erresistentziagatik. Hala ere, oraindik ez omen dute «azken hitzik esan». Hala bada, oraindik lana erruz egin beharko du talde donostiarrak Errekopako final laurdenetara pausoa luzatu nahi baldin badu. Irabaziz gero, 96-97 Corteblanco Bidebietak erdietsitako balentria berdinduko luke.

Oso talde gaztea da Buducnost, baina talentuz gainezka dago. Oso arin jokatu ohi dute eta kanpoko jaurtiketetan oso arriskutsuak dira. Hauek dira kontuan hartu beharreko zenbait jokalari: Ana Radovic zentrala, Jovovic eta Jovanovic ezker hegalekoak eta Bulatovic eskuin hegalekoa.

Beste aldetik, Reyes Karrerek talde osoa jokatzeko moduan izango du, Libe Altuna hegalekoa izan ezik.

Superkoparen aurkezpena

Bestetik, asteazkenean Donostiako Udaletxean aurkeztu zen 2008. urteko Superkopa. Berton, otsailaren 27an, ETB-1eko kamerak bertan direla, ABF Superligako txapeldun Cementos La Union Ribarroja eta Kopako garaile Akaba Bera Bera neurtuko dira Bidebieta kiroldegian. Talde donostiarraren 25. urteurreneko ekintzen artean sartuko da partida hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo