GARA > Idatzia > Kultura

«Euskal Herri imajinario baten alde» edo «asmatu dugulako existitzen da Euskal Herria»

GARA | BILBO

Santi Leoné-k ez du polemikarik piztu nahi bere liburuarekin, baina badaki gaiak berak eta bertan agertzen dituen hainbat baieztapenek hautsak harrotuko dituztela zenbait bazterretan.

«Euskal Herri imajinario baten alde» saiakera labur eta «zorrotza» da, eta Elkar argitaletxeko arduradunek «identitate- auziei buruzko ikuspegi kritiko bezain burutsua» hitzak erabilita aurkeztu dute.

Gaia ez zaio arrotz egin Leoné iruindarrari, izan ere, orain urte batzuk egin zuen tesian ere, Nafarroaren nortasuna izan baitzuen mintzagai. Horiek horrela, liburuaren muinean bi gogoeta dira nagusi: «Dokumentuetan maiz agertzen diren izendapenak erakusten dute euskal kontzientzia bat bazegoela aspalditik, batez ere, eliteen artean, nahiz eta Euskal Herria ez den agertzen nazio gisa XIX. mendera arte. Era berean, iduritzen zitzaidan puntu horretan, XIX. mendera arte nazio gisa ez agertze horretan, Euskal Herria ez zela salbuespena».

Lanaren abiapuntua beraz, behin eta berriz aldarrikatu denari aurre egitea da, eta horrela beste zerbait aldarrikatu beharko genukeela dio historialariak: «Euskal Herria asmatua dela, eta hain zuzen ere asmatu dugulako existitzen dela».

Hori azaltzearren, lanean biltzen ditu nazioa, nazionalismoa edo estatua kontzeptuen gaineko hausnarketak. Baita kritikak ere: batetik, «navarrista» bezala ezagutzen direnen tesiei eta bestetik, Nabarraldek azkenaldian aurrera eraman duen lerroari. «Bertzerik gabe, `navarristek' Espainia zioten tokian, Euskal Herria jarri dute Nabarraldekoek», esan du Leonék.

«Euskal Herri imajinario baten alde» nahiko «serioa» den arren, bertan Zaldi Eroak egindako marrazkiak ere jaso dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo