Floren Aoiz Idazlea
Ezkerreko fagozito abertzaleak?
Nonbait, uste duguna baino jende gehiagok sentitzen du literaturaren deia. Errepara diezaiegun auto judizialetan kausitzen ahal ditugun bitxikeriei: sorkuntza errepresibo-literarioa, to! Orriak eta orriak, kontzeptu berriak, metafora harrigarriak... Paperak dena jasotzen du. Zaila da duela hilabete batzuk esandakoaren kontrakoa aldarrikatzea, baina horretarako dago literatura, ezta? Lehen auto judizialetan ezker abertzalea multzo sozial zabal eta anitza zen. Orain, ETAren marka bat. Zerbait asmatu behar zuten jauzia argudiatzeko, eta fagozitoak dantzan jarri dituzte. Orain, aipatu izkribuetan agertu zaizkigu ezker abertzalea fagozitatzen omen dutenak. Ezkerreko abertzaleak ez dira denak gaiztoak (jakina, ez dago denak kartzelatzeko aukerarik!), gutxi batzuk dira zitalak eta besteak manipulatuta daude. Gaizto horien kontra jo beharra dago, gaiztakeria gehiago egitea galarazteko. Mesedea egiten zaio ezkerreko abertzalearen gehiengoari maltzurrak atxilotuz eta kartzelatuz. Hori baita fagozitatzen jarrai ez dezaten bide bakarra. Horrela aurkeztuta, ondorioztatzen ahal da espainiar epaileen asmoa ezkerreko abertzaleak zaintzea dela. Ama Espainiaren babes gozoa!
Gaiztoak usteltzen du ikutzen duena, eta kitto! Fagozitazioaren ideia, beraz, deabruak dena jaten duela esateko era modernoa besterik ez da. Satanen hamaika aurpegiak! Inkisizioaren idazki postmodernoa, nahi baduzue, baina deabruaren kutsaduraren teoria, finean, XXI. mendeko formuletara egokitua. Modak aldatu dira, eta orain, norbaitek Punseten telebista saioa ikusi duelako edo, fagozitazioaren ideia aipatu dute. Edozein neurri inkisitorialen atzetik badago onura eta gaitzaren arteko lehiaren irakurketa. Areago, neurri horien helburua jendea salbatzea da, eta honenbestez, neurri onuragarriak dira. Inkisidoreek salbatzen zuten torturatutako pertsona, deabruaren menpetik atera nahi zutelako. Oraingoan, espainiar epaileek euskal jendartea babesten dute kalte egiten dioten eragin maltzurren aitzin.
Noiz ulertu behar dute espainiar agintariek, ez dugula inork gu «salbatzea» nahi? Hobe zuten ulertzea Euskal Herriak ez duela inoiz ere onartuko Espainiak eta Frantziak fagozitatzea!