GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Greba «politikoa»

Greba guztiak ez al dira «politikoak»? Lan eremuari dagozkion grebak ere ez al dira «politikoak»? Ez al dira klase gatazkaren emaitza? Zeren eta klase borroka kontu politikoa ez bada, «¡que venga Marx y lo vea!»

Batasuna, ANV y LAB fracasan en la huelga general, pese a la violencia de sus piquetes», «Fracasa la huelga general convocada por los radicales en el País Vasco», «Ripa dice que la huelga de ayer tuvo una incidencia mínima en el trabajo», «Escaso seguimiento de la huelga general de LAB, excepto en Leitzaldea y Sakana», «La izquierda `abertzale' fracasa en su huelga contra la ilegalización»... ba, arrakastatsua ez izateko, hara zelako lanak hartzen dituzten!

Zelako lanak hartu zituen Lakuak eguenean bertan, zenbatzen eta numeroak erabiltzen, greba eguna ez zela esan zutela kontuan hartuta. Zelako lanak Azkarragak eta alderdiaren komunikabideek «normaltasuna» islatzeko. Zertarako? Akaso uste al dute zenbaki horiek aurpegiratu ahal dizkigutela? Ezker abertzaleak ondo baino hobeto daki zer lortzeko den gai eta, duda barik esan liteke helburu hori lortu egin zela. Jendea irten egin zen, mobilizatu egin zen, ez zen batere egun normala izan. Ezker abertzaleak ondo baino hobeto daki zer lortzeko izango litzatekeen gai, Estatuaren eta bestelako sasi gobernutxo horien makinaria mediatiko, judizial, polizial eta errepresibo osoa bere gainean ez baleuka. Eurek ere ondo dakite eta horrexegatik hainbesteko ahalegina, zikinkeria eta bortizkeria geure kontra.

Etengabean aritu ziren egoera «zuritzen» komunikabideetan, dendak itxi edo langileak greban irteten baziren, presioa eta koakzioa zirela-eta egiten zutela. Presioa da komunikabide «publiko» batean egiten dutena: langileen erdia bekadunak, eta beste erdia autonomo faltsuak. Ea nor ausartzen den greba egiten, nahiz eta gura izan. Batez ere, jakinda alderdiaren ildoetatik larregi aldentzen denik ez dutena inondik inora bertan gura.

Koakzioa? Koakzio mota asko ikusi izan dira grebaren inguruan. Lehenbizikoa boterean dauden alderdienak. Greba politikoa zenez gero, greba «ilegala» zela behin eta berriro errepikatzeari ekin zioten. Lehenengo eta behin, greba guztiak ez al dira «politikoak»? Lan eremuari dagozkion grebak ere ez al dira «politikoak»? Ez al dira klase gatazkaren emaitza? Zeren eta klase borroka, hain zuzen ere, kontu politikoa ez baldin bada, «¡que venga Marx y lo vea!».

Baina jendeari «ilegaltasun» horrekin beldurra sartzea ez zen koakzio bide bakarra. Hori gutxi balitz, gizon eta andre armatuak bidali zituzten Euskal Herriko herri guztietara, edozein mugimendu galarazteko. Batzuk berbaz beteriko paperak banatzen, zubietatik eskegitzen eta porlanez beteriko bidoietara kateaturik, eta besteak armekin mehatxatzen. Nor ote da biolentoa? Eta ezin dugu, jakina, patronalaren koakzioa ahaztu. Greba egunari dagokion dirua deskontatzeaz gain, diziplina espedienteekin eta bestelako zigorrekin mehatxatu zituzten hainbat eta hainbat langile. Eta denok dakigu zer esan gura duen horrek. Urduri jartzen dira. Ezin dute erremediatu. Errepresio mota guztiak probatuta ere, Euskal Herriak kalera irteten jarraitzen du. Asko izan ginen egueneko «ilegalak» eta, esandako guztiak esanda ere, beste inork baino gehiago herria isilarazi gura duten horiexek igarri zuten. Asko gara eta ez daukagu independentziaren eta sozialismoaren aldeko borroka uzteko asmorik. Zeuen mauka hori berandu baino lehen amaituko zaizue.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo