Abortu librearen aldeko aldarria, kalera
Eliza katolikoak eta bere inguruko alderdi eskuindarrek erasoaldi ideologikoa abiatu dute abortuaren eskubidea murrizteko asmoz. Italian, Berlusconik eta bere eskutik joaten diren komunikabide esanguratsuek kanpaina sustatu dute NBEan abortua delitu gisa onar dezaten. Hori salatzeko, dozenaka mila emakume kalera atera dira aste honetan, eta orain dela bizpahiru hamarkada ikurra izan zen borroka berreskuratu dute.
Euskal Herrian, eskuindar indarren gurutzada aspaldikoa da. Iruñeko Gobernuak ez du inoiz espainiar legea bete, eta emakume nafarrek beste lurralde batzuetara jo behar dute haurdunaldia etetera, nahiz eta legeak onartzen duen kasuetan izan. 1985. urteaz geroztik legea badago, baina abortatzeko eskubidea ez dago bermaturik. Azken hilabeteotan abortuak egiten dituzten osasun zentroek pairatzen dituzten ohiko mehatxuei, epaitegietako jazarpena gehitu zaio eta, era berean, legearen hutsuneak eta gabeziak agerian utzi. Abortu librea eskatzea ez da, ondorioz, iraganeko aldarria, gaurkotasun osoa duen borroka baizik. Emakumeen eskubideak kolokan jartzen dituztenen aurrean, mezu ozena pasatzeko ordua iritsi da. Baita, bere burua aurrerakoitzat hartu arren, emakumeen eskubideak babesteko behar den baino adore gutxiago azaltzen duten gobernuen aurrean ere.