GARA > Idatzia > Ikusmira

Bai Euskarari Ziurtagiria, normalizaziorantz pausoz pauso, baina gelditu gabe

Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketa lana egiteko Ziurtagiriaren Elkartea sortu zenetik, joan den ekainaren 7tik, hain zuzen, Ziurtagiria duten entitateen kopuruak %8 egin du gora. Elkarteak aurkeztu berri duen balantzeak, joan den urteari dagokiola, ehuneko eta zenbateko gehiago ere biltzen ditu, eta horien ondorioak positibotzat baino ezin dira jo, zenbait arrazoi kuantitatibo eta kualitatiborengatik. 2007aren amaieran Ziurtagiria zuten entitateak 1.500etik gora izateak esan nahi du horiek guztiak, maila batean edo bestean, euskararen normalizazioa helburu duten neurriak hartu eta garatzen dituztela, eta entitate horien euskararekiko jarrera ez dela hitzezkoa soilik, neur daitekeen jarrera denez. Bestetik, Ziurtagiria dutenen %92k berriztu egin ohi du urtero, eta fideltasun hori ekimenaren sendotasunaren seinale da. Ziurtagiriaren lana ez da apologia, edo ez da apologia bakarrik, euskararen normalizaziorako pauso eraginkorrak ematea baizik; eta aipatutako balantzeak erakusten duenez, ematen dira urratsok. Tresna horrek ez du berak bakarrik euskararen normalizazioa lortuko, baina ezin da ukatu norabide horretan pauso eraginkorrak eman daitezkeenaren adibide ezin hobea dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo