ACB Liga
Kanpolarrosa ez izateko errezetarik onena etxean Akasvayu Girona garaitzea da
TAU BASKONIA-AKASVAYU
GARA | GASTEIZ
Kopa lehenengo, eta Euroligako Top 16a ondoren. Kanpolarrosa ibiltzeko aitzakia ezinhobea erabili du Tau Baskoniak azken zortzi egunotan. Alabaina, ACB Ligako eguneroko lanetik beharrezko jana eskuratzeko garaia iritsi da Neven Spahijaren taldearentzat.
Araba Arena pabiloia bisitatuko duen hurrengo arerioa, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Akasvayu Girona izango da. Azken aldian erakutsitako jokoa zertxobait hobetzeko beste aukera bat izango du talde gasteiztarrak. Bide batez, Real Madril liderrari zertxobait hurbiltzea izango da arabarren xedea.
Arerioa, berez, ezinhobea da, 1995/96 denboraldiaz geroztik Gasteizen beti galtzaile suertatu baita. Dena dela, Arriel McDonald, Sada, Gasol eta enparauek nahiko lan emango diote talde baskonistari.
Tau Baskoniako entrenatzaile Neven Spahijaren hitzetan, «oraingo Akasvayuk jokalari asko aldatu ditu, baina, galtzekorik gabe etorriko dira. Arriskutsuak izango dira, beraz».