Top 14
Taldea sendotzeko behar zen garaipena heldu da Biarritzera
Lapurtarrek bigarren zati ona egin zuten, eta hortxe erabaki zuten neurketa
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Balio handiko garaipena erdietsi zuen atzo Biarritzek. Zuri-gorriek behar zuten horrelako emaitza bat etxetik at, eta are gehiago, aurrean talde sendo bat izanda.
Biarritzek partida oso serioa egin zuen, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuten. Hala ere, partidak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan, oreka izan zen nagusi zelaian, baina jaurtiketek erabaki zuten, eta horretan, etxekoak hobeto aritu zirenez, 9-3 aitzinean jarrita, hala joan ziren atseden hartzera. Bigarrena ezberdina izan zen.
Zuri-gorriek bazekiten puntuak batu ahal izateko zer egin behar zuten, eta nagusi izan ziren. Bi entsegu egiteko gai izan ziren, eta Yachvilik bi ostiko ere sartu zituen. Montpellier saiatu zen euskaldunak estutzen, baina atzo lapurtarren eguna zen, eta merezita heldu ziren puntuak Euskal Herrira. Bide horretatik jarraitu beharko du Biarritzek behar duen, eta egon behar duen lekuan ibili ahal izateko.
Aviron
Aviron Baionakoak gaur arratsaldean jokatuko du bere neurketa Jean Dauguer zelaian, 17.30etik aurrera. Zuri-urdinak etxean oso ongi ari dira, oso puntu gutxi galdu dituzte, eta Jean Dauguerrek ematen dien indarraz baliatu behar dute jokoan dauden puntuei eutsi ahal izateko. Gaur irabazita, bosgarren postuan jartzeko aukera ederra dute zuri-urdinek.
Jokalari zuri-urdinei dagokienez, entrenatzaileek ez dute hamabostekoa zein den ezagutzera eman, baina gaurko partidarako deitutako jokalarien zerrenda zabaldu dute, eta honako hau da: Lopresti, Lafond, Romieu, Fiorini, Igiñiz, Bernard, Deen, Hare, Hegi, Lafitte, Linde, Massabeau, Tewhata, Dourthe, Edmonds, Elhorga, Gerber, Gower, Iñigo, Larretxea, Lhande, Lopez eta Peyras.