Eneritz Zabaleta 2008/02/28
Bat, bi, bost... hamaika!
LE JOURNAL
Egutegiak baditu gauza bitxiak. Usu, Euskal Herria bat dela bolo-bolo aldarrikatzen dugun hauek egunero bi-hiru edo agian hamaika Euskal Herri badirenaren froga argia izaten gara. Zazpiak bat erraten da usu. Ados. Baina, bi, hiru, bost... hamaika Euskal Herri badira Zangotzan ala Asteasun, Urdiñarben ala Bilbon, Baionan edo Gasteizen... bizi zarenaren arabera. Hamaika Euskal Herri. Baina hamaika horietatik bi Euskal Herri txiki diren bi zati handi. Erdian (edo zatidura lerroan zehar hobeki erranik) muga batek zatitzen diten bi Euskal Herri. Euskal Herri frantsesa alde batetik. Euskal Herri espainiarra beste aldetik. Lehen ipar eta hego alde deitzen genituen horiek. Eta gaur egun, «politically correct» izateko Ipar eta Hego Euskal Herri deitzen ditugunak. Eibarren azkaindar bat frantzesa den bezala, Baigorrin elizondoar bat espainola den bi Euskal Herri horiek. (...)
Egutegiak gauzak ontsa egiten ditu batzutan. Martxoak 9. Hauteskunde eguna da Frantzian eta, beraz, Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan. Hauteskunde eguna Espainian, eta ebraz Nafarroa Garaian, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Euskal Herria batean hautes bozetara deitua, nahiz eta berriz bi hauteskundeek argi erakutsi bi Euskal Herri (bederen) badirela.
Egun horiek konparaziorako parada ona izaten dira (...).
Baina desberdintasunean berdinak gara. Politika politika da: tratu zikinen eta azpi jokoen erreinua. Noiz egiten den tratua da desberdintasuna. Espainiar Estatuan hauteskundeen ondotik egiten da, bozka hau obra honen truke, miliun batzuk babesaren truk... Frantziar Estatuen hauteskundeak baino lehen, eta bigarren itzuliaren bezperan: xefarekin ematen banaiz kontseilaru postu bat, zerrenda «apolitiko» baten truk honako alderdiak ez du zerrendarik aurkeztuko, zure zerrendan x postuan ezartzen banaiz postu hau emanen dit jaunttoak... Bi Euskal Herri dira, baina politika bat bakarra, eta sistema berdina du. Saldu eta erosi. Agian horregatik oraino bi Euskal Herri gara ? Poderea dugunaren ustez, zinez poderea dutenek haien tratuekin engainatzen gaituztelako? Nork daki...