GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ohorea bueltatzeko faxistek durangon zenbat hil zituzten jakin nahian

Egun oraindik ez dakigu 36ko gerran zenbat durangar hil ziren. Euskal Herrian eta Estatu espainolean egoera berbera da. «Askatasunaren defentsan borroka egin zutenen eta errepresaliatuak izan zirenen ohorea berreskuratzea» du helbu- ru Durango 1936 KE-k.

p026_f01.jpg

Kepa PETRALANDA

Hainbat ekimen dauzka zabalik oroimen historikoaren berreskuratzeak, baina duela 70 urte gertatutakoaren inguruan sakontzeko eta, batez ere, benetako justizia egiteko indar politikoek erakutsitako borondate ezarekin behin eta berriro egiten du topo lan horrek.

Durango 1936 Kultur Elkarteko (KE) lehendakari Juan Mari Eskubiren esanetan, frankismoaren kontra borrokatu zirenen ohorea eta izen ona «inola ere» ez dizkiete bueltatu egungo erakundeek. Alderantziz, «askatasunaren alde borrokatu ziren errepublikarrak eta abertzaleak hil zituzten eta frankistak, ordea, txalotu». Hau da errealitatea. PSOE eta EAJk gobernu bana duten honetan, ez dira gai izan askatasuna eta legeriaren defentsan frankismoaren epaiketak eta errepresioa pairatu zutenek izandako epaiketak eta prozedurak bertan behera utziko zituen Oroimen Historikoaren Legea ateratzeko.

Izan ere, Juan Mari Eskubik esan duenez, horixe da Durango 1936 KE osatzera bultzatu dituena: «oroimen historikoa berreskuratzea ezinbestekoa da, oroimenaren lekuak hain zuzen: kartzelak, hobi komunak, hiltzeko tokiak, borroka lekuak. Era berean, desjabetzeak eta gainerako errepresioa ezkutatu zituzten ikur frankistak ezabatzea beharrezkoa da. Gainera, oraindik orain gerrak Durangaldean zenbat lagun hil zituen ez dakigu. Durango 1936 KE askatasunaren alde borrokatu eta frankismoaren errepresioa jaso zutenen datuak jasotzeko artxibo bat sortzeko lanean ari da».

Juan Mari Eskubi Juan Eskubiren semea dugu. Juan ELA sindikatuko Durangaldeko lehendakaria zen 1936an gerra hasi zenean. Altxamendu militarra hasi zenetik frankistek Durango okupatu arte Durangoko bizimodua antolatu zuen Defentsa Batzordeko buru zela. 1983ko urriaren 24an, 32 urte zituelarik, fusilatu zuten Juan Eskubi. Juan Marik sei urte zituen orduan.

Zatika gogoratzen ditu Juan Marik garai horiek. «Amarekin akordatzen naiz, batez ere, nire arreba eta biok mantekin bilduta (nik orduan lau bat urte nituen eta nire arrebak bi). Eskaileretatik behera arineketan gindoazen, leherketak entzuten genituen jendea kalean odoletan ikusten genuen bitartean. Etxeetatik hondakinak jausten ziren. Etxeko galeriatik, Durango bonbardatzen ari ziren hegazkinak ikusi genituen. Ezin izan dut oraindik egun hartako usaina ahaztu. Frantziara erbesteratu aurretik, Santanderren egon ginen, etxeko teilatuan zegoen metrailadorearen zarata ere gogoratzen dut. Ama Mariak, bere ama Julianak, izeko Pilarrek, arreba Rosik eta bostok Frantziara joan behar izan genuen; han geundela aita Santoñan preso zegoela jakin genuen».

Larrinagako kartzelan hil zuten

Bilbora bueltatu ziren orduan, aita Larrinagako kartzelara eraman zutelako eta berarengandik gertu egoteko. Hala ere, «Durangoko etxeko altzaririk ere ez ziguten utzi», gogoratzen du Juan Marik. Garai hartan Gasteizko administratzaile apostolikoa zen Lauzirika apaizarengana joaten ziren, «haren sinadura aitaren bizitza salbatzeko nahikoa baitzen». Alabaina, inoiz ez zituen hartu Lauzirikak.

Bere ama kartzelara arropa eroatera joan zen egun batean jakin zuen Juan hil zutela, egun horretan fusilatutakoen zerrenda ikusi zuenean. «Ofizialki `gaur askatutako presoak' zioen kartelak. Egun horretan hamalau izan ziren eta horietako bat, gure aita» gogoratzen du Eskubik.

Durango 1936 KE lanean ari da dagoeneko. Elkarteko kideen gertuko datuak jaso ahal izan dituzte oraingoz. «Frankismoaren errepresioa jasan dutenen senitartekoei lan horretan laguntzeko eskatu gura diet: frankismoak hildako, fusilatutako eta errepresalia- tutakoen izenak bildu gura ditugu. Askatasunaren alde borrokatu zirenen izenekin zerrenda bat osatu nahi dugu, guda galdu zutenak ezeztatu egin baitzituzten, gehienak fisikoki eta den-denak politikoki», nabarmendu du elkarteko lehendakariak.

Argibideetarako, web orria martxan dute, www.durango1936.org hain zuzen, eta baita 656 76 76 04 telefono zenbakia ere. «Zenbat lagunek hartu zuten parte borrokan eta zenbat hil zituzten jakiteko modu bakarra daukagu: senitartekoen oroimena. Etxean euren istorioa gorde dute eta erakundeek oraindik ez diete askatasunaren alde borrokatu zirenei izen ona bueltatu. Guk izen guztiak bildu eta historian berea duten lekua bueltatu gura diegu», esan du Eskubik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo