Julen MURGOITIO
Sasoian sasoikoak
Aste honetan lan gehiago egin dut, tira, ordu gehiago behintzat sartu dut lanean! ohikoa baino gehiago; hauteskunde kanpainan nagoen seinale. Aitaren batean pasatzen ditut egunotan politika-orriak, hain dira klonikoak gehienak! Hitzen produkzio kate beretik ateratako produktu bertsuak begitantzen zaizkit horiek guztiak, salbuespenak salbuespen, jakina! Sasoian sasoikoak, eta hauteskunde garaian garaikoak. Barra-kodean dute produktuok desberdintasun apurra. Mezuan salbuespen diren horiek beste modu bateko barra-kodea dute, ziegatik kanpora begiratuta leihoko burdin sareko barrek irudikatzen dietena. Tira, harira! denbora gutxiago ematen dut egunotan prentsa eskuan, eskelei denbora gehiago emanda ere. Nazka eginda nago, benetan, botagale; ez dakit zerk ematen didan amorru gehiago, gabonak edo hauteskundeak. Sasoian sasoikoa, eta kanpainan kanpainakoa. Hitz jarioen uholdeak nagusi, ideien lokazgarri. Promesa oldeak ugari, zintzoaren lurperagarri. Berba isurikoak edonon, hiztegien kutsagarri. Eta, seguruenik, inoiz baino isilago egon behar zutenak, euren hitz batzuei darien koherentziagatik, zarataka, hauteskundeak berezko duen antzerki kutsuari inauteriarena gehituz. Sinistuta nago ni, kristaua ez banaiz ere, hauteskundea oztopo gaindiezina dela demokraziarentzat; hala ere, tragedia hauxe: horri buelta ematen hasteko, seguruenik ere, urnetan irabazi beharra dagoela, noiz edo noiz. Tira, zuri eta beltzaren arteko grisen bidea, besterik ez.
Kontuak kontu, gaur zortzi, euskal herritar guztiok, iparreko zein hegoko, ekialdeko zein mendebaldeko, euskal herritar direla ez dakitenek beraiek ere, hitzordua dugu boto-ontziarekin; seguru asko, historian estreinakoz. Eta sasoian sasoikoa ez ezik lekuan lekukoa ere! Iparrean boto zehatza ontziratuko dute burujabetzaren aldeko ezkerrekoek; hegoan, ostera, abstentzioa da bidea. Jarrera bata zein bestea baliagarriak, eta uztargarriak, bakoitza bere espazioan eta denboran. Abstentzioa boto baliagarria da, bai, tabu hartzera heldu gabe, gaurko hango hiztegi ofizialaren hemengo itzultzaileek ikusten ez badute ere. Balioa zerk duen eta zerk ez, egin beharreko ezbaia dugu grisen esparruan. Ez al digute behin eta berriz esaten ekonomia desmaterializatu behar dela? Igandean dugu horretarako aukera ezin hobea, ez erabili paperik; komunean baino ez.