Cele Otañoren omenezko erakusketa, artista ikusezina ikasarazi nahian
Bergarak Cele Otaño artista polifazetikoaren omenezko erakusketa hartuko du martxoan zehar. Hego Amerikako karikaturagilerik onenetako bat izan zen, eta berritzaile aitortua grabatuaren artean; baita margolaria zein arkeologian aditua ere. 2003. urtean zendu zen arte, baina, euskal herritarren artean oharkabe iragan zen bere jarduna. Merezitako protagonismoa eman nahi izan dio, orain, aldi batez bizileku izan zuen herriak.
Izaro AULESTIARTE
Maisu polifazetikoa izan zen, eta beti aldarrikatu zuen ikusten ikasi behar dela, eta buruak interpretatu behar duela errealitatea, sailkatu behar duela hura, eta agindu behar diola eskuari sortzen hasteko». Bergarako erakusketaren sustatzaile, eta horren harira kaleratu den katalogoaren arduraduna den Miguel Angel Elkoroberezibarrek halaxe gogorarazten du «artista ikusezina» bere artikuluan.
Bada, erbestean ez bezala, Otaño bere sorterrian «zeharo ezezaguna» delako uste osoa du Elkoroberezibarrek; eta artista zein haren obra «gero eta ikusgarriago» bihurtze aldera uler liteke laster irekiko den erakusketaren beraren funtsa: «Hari omenaldia egiteko, aldi batez bere bizileku izan eta herritartu zuen tokia aukeratu dugu; familia bat sortu, adiskideak izan eta lurpean hartu zuen herria, hain zuzen. Izan ere, edozein gauzaren gainetik, Cele Otañok bergarartzat zeukan bere burua».
Celedonio Melitón Otaño Bilbon sortu zen 1912ko martxoaren 3an. Laster, baina, Otañotarrak Gasteizera jo zuten, eta han izan zuen Celek bere lehen hartu-emana pinturarekin. Heziketa erlijioso zorrotza izan zuen jesuitekin eta 1931n Errepublika garaian Estatu espainoletik horiek bota zituztenean, Belgikara bidaiatu zuen Filosofia eta Letrak ikastera. 1935ean iritsi zen Bergarara.
«Baldin eta ezartzen badiogu Celeri hark Martin Ugalde bere adiskide minari eskaini zion deskribapen bera -gaineratu du Elkoroberezibarrek-, esan dezakegu makiladaka hezitako belaunaldi batekoa dela, eragin ugari eta askotarikoak jaso zituela, eta garaiz aurretik egin zela heldu. Gerra askotan egon zen nahasita, erbestea ezagutu zuen, hiru diktadura pairatu, baina beti asmatu zuen mihisean, paperaren edo argazki-xaflaren bestaldean jarri eta babesa eskaintzen zion maitalea aurkitzen: Artea».
Kartzela ezagutu zuen 36ko Gudan, eta bere dohain artistikoei esker eman zioten askatasuna, Lizarrako kuartel militarrean erlijio margolan ikusgarri bat enkarguz egin ondoren, alegia. Erresistentziako talde batekin jarri zen gero harremanetan; erbesteko Eusko Jaurlaritzak zuen antolatua hori, senideak erbestean edo hilda zituztelako egoera ekonomiko larrian ziren familia abertzaleentzat dirua biltzeko, edo semeak preso zituztenei laguntzeko. Xede horrekin -gogorarazi du Elkoroberezibarrek- Hondarribira bidali zuten Otaño, eta bazekitenez esku abilak zituela, Eusko Jaurlaritzaren ezkutuko informazio sareak, pasaporteak, bisatuak eta orotariko nortasun agiriak faltsutzeko eta sortzeko agindu zioten. Jazarritako pertsona horiek ezkutatu eta zaindu ere egiten zituen, gainera. Jardun horietan Antonio Urzelai Abrain bergararra izan zuen lagun, eta harekin aritu zen elkarlanean 40 urte geroago ere «Bergara» liburua argitaratu zenean.
Poliziak antzeman, eta ihesi joan behar izan zuen 1941ean Venezuelara. Celeren osaba Nemesio Otaño konpositore eta musikologo ospetsua zen, eta Madrilgo Musika Kontserbatorio Nagusiko zuzendaria. Eta hari esker eskuratu zuen, hain zuzen ere, erbestera joateko pasaporte berria.
Bada, Venezuelan bertan egin zen ospetsu Otaño bere karikaturengatik, batik bat taldekakoengatik, eta zituen fisonomista dohainen harira, «karikatura psikologikoaren» sortzailetzat jo zuten.
Berrogeita hamargarren hamarkada hasieran, «La esfera» egunkarian hasi zen erredaktore eta marrazkilari gisa lanean. Hamarkada batez, zuzendari artistiko postuan aritu zen Tipografía Vargas enpresarentzat, eta aldizkari, liburuxka eta kartel andana diseinatzeko ardura izan zuen. «Élite» zen aldizkari horietako bat, Martin Ugalde zuena erredakzio-buru, eta bertan Otaño erredaktore eta karikaturagile aritu zen. «El pájaro bravo» eta beste aldizkari batzuk ere sortu zituen; «El Gallo Pelón» umorezkoa, halaber, eta «¡Humor de la semana!» bezalako sail iraunkorrak. Besteak beste, 50. hamarkada hondarrean, «Martín Garabato» aldizkaria sortu eta zuzendu zuen. «Nire aldizkariak batez ere inperialismoaren aurkakoak ziren», esan ohi zuen Cele Otañok.
Bestalde, Bergaran irekiko den erakusketako sustatzailearen esanetan, banakako eta taldekako hainbat erakusketa egin zituen, eta egun oso toki ezberdinetan aurki daitezke haren lanak: Miraflores Jauregian, hau da, Venezuelako Gobernuaren egoitzan; Caracasko Industria Ganberan, eta Euskal Etxean. 1963an Celeren karikaturekin aipatu zentroan erakusketa egin zen; Jokin Intza bergararrak antolatu zuen euskal erresistentziarentzat dirua biltze aldera.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, beraz, ezin uka Otaño artista polifazetikoa izan zenik: karikaturak eta olio margolanak aparte -paisaiak, erretratuak eta biluziak dira gustukoen zituen gaiak-, argazki-xafletan egindako grabatuen akabera harrigarriengatik eta teknika berritzaileagatik nabarmendu zen. Baina bere zaletasun handia, arkeologia, bere bigarren herri adopziozkoan zeukan zain: Nikaraguan.
Elkoroberezibarren artikuluan azaltzen den bezala, hantxe zegoen haren anaia Manuel Managuako Unibertsitate Katolikoko idazkari izana zen, eta gero Jesusen Lagundiak Granadara bidalia zuen, Lanbide Heziketako institutu bat sortzeko. Hain zuzen ere, institutuaren inguruko landetan osteratxo bat egiten ari zela aurkitu zituen Celek zeramika puskak, ontziak, platerak eta bestelako tresnak, Nikoia indioek eginak. Zurtuta gelditu zen haietan ageri ziren apaindurak, zeinuak eta irudiak ikusirik. Zaku- kadaka erosi zituen Granadako hondakindegi batean lurpetik ateratzen zituzten pieza haiek. «Amerikako Grezia» zeritzon Celek toki hari.
Artista bergararrak, bada, «arkeologiako igeltserotzat» zeukan bere burua, eta aipatu hondakin haiek aztertzea erabaki zuen, marrazkiak eta mintzaira hura deszifratu nahian. Ondorio hauxe atera zuen: hildakoa definitzen zuten piktogramez gain, han baziren marrazki batzuk, eta musika idazkera bat zen, pentagrama moduko bat. Musikarako sen hura bere aita Hilariorengandik zetorkion -besteren artean, hark harmonium fabrika bat sortu zuen Gasteizen, eta Estatu espainolean egin zen lehen musika batzarra antolatu-. Horrela, Cele Otaño kolonaurreko arkeologiako benetako aditu bihurtu zen.
Gerora, Julio Caro Barojarekin jarri zen harremanetan, eta hark gomendatu zion alemaniar unibertsitateetara jotzeko, haiek benetan hartuko zituztela aintzat bere azterketak. Eta bai hartu ere. Celek lankidetza estua izan zuen Tubingako Unibertsitatearekin; hitzaldi ugari eman, eta ikerketa ezberdinak ere egin zituen. 1980an, gerra sandinista zela-eta, Nikaragua utzi eta Donostiara etorri zen, eta han jarri bizitzen.
Cele artista autodidakta izan zen, eta zekiena irakasteko prest zegoen beti. Miguel Angel Elkoroberezibarrek honako hau dio haren omenez argitaratutako idatziaren amaieran: «Berak grabatuak egiteko manipulatzen zituen argazki-xafla belatu haietako baten antzekoa da Celeren kasua. Orain, pazientzia handia geureganatu, labanatxoa tinko hartu, eta alde beltza karrakatzen hasi behar dugu. Eta lerro zuriak hasten dira azaltzen. Jesús Zulet karikaturagilearen ekimenez 2004an -Cele hil eta urtebetera- Bilbon eskaini zitzaion erakusketa da adibide bat, edo Bergaran egingo dugun hau. Horrela, poliki-poliki, gero eta ikusgarriago bihurtuko ditugu Cele bera eta haren obra, zeren hark zioenez, `izaki argiek sekula ez baitute presarik'».
2004an Otañoren omenezko erakusketa hartu zuen Bilbok, eta bere obra grafikoa ez ezik, «Otaño, ikusten ikasi» katalogoa ere aurkeztu zuten. Instituzioetako ordezkariak, omendutakoaren alaba Sara, Dani Maiz Euskadiko Irudigileen Elkarteko Profesionaleko burua eta Jesus Zulet -Otañok bereziki miresten zuen irudigilea- izan ziren bertan.
Katalogoan hurbilekoek eta arloko profesionalek Otañori buruzko iritziak agertzen dituzte. Eta horien artean dago “Otaño, Oteizaren ikuspegitik” izenburuko idatzi bat ere, Felix Marañarena. Zera dio: «Ez dugu zehazterik noizkoa den Oteizak egin zion eskultura, baina ezin dugu baztertu 1959an egina izatea, Otaño tarteka Europako zenbait herrialdetan ibili eta aldian behin Euskal Herrira itzultzen zenean, hain zuzen. Otaño pintorearen bustoa, Oteizak Pelay Orozcoren ‘Oteiza. Su vida, su obra, su pensamiento, su palabra (1978)’ liburuan argazki bitan biltzen duenez, Celedonio bera da. Kontzeptuaren zehaztasuna frogatzen duen detaile bat dago; izan ere, Oteizak aukeratu zituen Pelayren liburuko argazkiak eta dokumentuak, baita argitalpenaren prozesuak ere. Bustoa noiz egina den zehazterik ez badugu ere, pentsa dezakegu 50eko hamarkadaren azkenaldikoa dela, Oteizak Aita Donostiari Agina mendian eskultura egin zionekoa; gainera, Celedonio Otañoren hazpegiak ditu. Ez dakigu, ezta ere, honezkero non dagoen Otañoren gorputza eta izena daroazen busto hori. Oteiza Museoan ez dago katalogatuta (...). Baliteke, hala ere, bestelako dokumentazioren bat egotea».GARA