GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Hauteskundeak salbuespen egoeran

La abstención gana la calle en Iruñea

p006_f01.jpg

Ramón SOLA | IRUÑEA

Hauteskunde hauetan ez da legalki egongo ezker abertzalea, baina Nafarroan orain arte egindako ekitaldirik jendetsua berea izan da beste behin ere. Ostiralean Baluarten Mariano Rajoyren parte hartze nagusiarekin UPN-PPk egindako mitinak 2.000 lagunetik gora bildu zituen. Bertan esan zuen Yolanda Barcina Iruñeko alkatesak hori zela «inoiz Nafarroan egin den hauteskunde kanpainako ekitaldirik handiena». Oker zebilen UPNko agintaria, ordea, eta ez bakarrik aurreko hauteskunde deialdietan kopuru hori gainditua izan delako, ezker abertza- leak atzo 3.000 lagun inguru bildu zuen manifestazioa egin zuelako baizik.

Abstentzioaren aldarriak espero baino jende gehiago atera zuen kalera, Golem zinemetatik abiatu eta Gaztelu enparantzaraino heldu zen ekimenean. Ia bi ordu pasatu ziren bideari ekin ziotenetik Xabier Silveiraren bertsoek ekitaldia amaitutzat eman zuten arte. Bidean etengabekoak izan ziren independentziaren aldeko oihuak.

Abiapuntuan «ANV aurrera» entzun zen ozen, eta Baionako etorbidea zeharkatzen ari ziren 3.000 inguru ziren abertzale horiek, aurrean Polizia espainolaren hamar furgoi zituztelarik, baita kazetari ugari ere. Berehala une hunkigarria gertatu zen, Martin Azpilikueta kaleko sarreran Angel Berruetaren senideak eta lagunak manifestazioaren zain zeudelako. Laster beteko dira lau urte Berrueta okina hil zutenetik, martxoaren 13an hain zuzen ere, eta egun horretan elkarretaratzeko deia egin dela gogora ekarri nahi izan zuten. Berrueta zenaren argazki handiari eusten zion bere semeetako batek, eta txalo zaparrada entzun zen, baita «Herriak ez du barkatuko» zein «Angel gogoan zaitugu» leloak ere.

Ikurrina eta Nafarroako bandera ugari zeramatzen manifestatzaileek, guztiak «Nafarroak planto! Independentzia» zioen pankartaren atzean. Hautetsi eta hautetsi ohiek eraman zuten, nafarrak eta gainerako herrialdeetakoek. Besteak beste, Marine Pueyo, Arantza Urkaregi, Santi Kiroga, Xabier Velez, Maite Ezkurra, Expe Iriarte...

Armada Etorbidera iristera- koan, «Borroka da bide bakarra» eta «Euskal presoak etxera» ziren nabarmentzen ziren aldarrikapenak. Manifestari batek botatako irrintzien artean heldu zen mobilizazioa Merintateen Enparantzara, hau da, Gobernu espainoleko Ordezkaritzaren egoitzara. Eta une horretan aldendu ziren polizien furgoiak, txistuen artean, manifestazioak azkeneko txanpari ekin behar ziolako, soilik oinezkoentzako egokituta dagoen Carlos III. kaletik, Gaztelu Plazaruntz. Gainezka zeuden kaleak ordu horretan, eta guztien arreta eraka- rri zuen abstentzioaren aldeko mobilizazioak.

Polizia espainolen eta foruzainen begiradapean -azken hauek Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean kokatu ziren, aurpegia kaputxaz estalirik-, azkenean Gaztelu Enparantzara iritsi zen manifestazioa. Eta bertako kioskotik agertu zituen Marine Pueyo Iruñeko EAE-ANVko hautetsiak hurrengo igandean hautestontziei bizkarra emateko arrazoiak.

Inkisiziotik ilegalizazioetara

Hauteskunde hauetan parte hartzeak suposatzen duenari buruz argi mintzatu zen Pueyo: «Demokrazioaren aurkako hauteskunde hauetan bozka ematea salbuespen egoerari bozka ematea da, torturari eta ilegaliza- zioei babesa ematea da, eta iruzur berri bati atea irekitzea da», adierazi zuen.

Ezer baino lehenago, egungo egoeraren larritasuna nabarmendu zuen hautetsi independentistak. Atxiloketak, torturak, alderdien jarduera eteteak eta abar, gainetik aipatu ondoren, horrek «gure historiako garai beltzenetara» itzularazten gaituela ondorioztatu zuen. «Burgoseko epaiketa, GAL, Intxaurrondoko torturak... Inkisizioa eta frankismoa itzuli egin dira, proiektu independentista aukerarik gabe uzteko», erantsi zuen.

Horrek guztiak «izen bakarra du: salbuespen egoera», aipatu zuen Pueyok. Eta helburu garbia ikusten du atzean: ezker abertzalea isilarazten saiatzea. Azkeneko asmoa honek mahaigai- nean jarri duen Marko Demokratikorako Proposamena ezkutatzea dela adierazi zuen, gero PSOE, EAJ eta Nafarroa Bai-ren artean «iruzurra» eragingo lukeen negoziazioa egiteko.

Testinguru horretan, EAJko hautagai eta agintariak kanpainan botatzen ari diren mezuei aurre egin zien Pueyok: «Normalizaziorako akordioa lortzea lehentasuna izango dutela esaten digute orain. Aurpegia behar da gero! -erantzun zuen-. Nori engainatu nahi diozu, Urkullu jauna? Hemen elkar ezagutzen dugu guzti-guztiok. Eta ez dugu oso urrutira joan behar. Loiolan ezetz esan zuten», oroitarazi zuen.

NaBai-ri egin zion kritika gero. Haren kanpainaren mezuei erreparatuta, bi gauza deigarri aipatu zituen Pueyok: abstentzioaren aldeko jarrera estaltzeko nahia, eta berea bozka baliogarritzat aurkezteko asmoa. Baina Konstituzioaren inguruan edo Poliziaren inguruan azaldutako jarreran, edota Itoitz eta Abiadura Handiko Trenaren alde erakutsitako posizioetan «non dagoen bozka baliagarria eta non dagoen interes orokorra» galdetu zien koalizioaren ordezkariei.

«Testinguru honetan gertatu behar dira hauteskundeak. Iruzurra egiteko lehenengo urratsa eman nahi dute -ziurtatu zuen hizlariak-. Paradoxa ederra! Duela 30 urte gauza bera gertatu zen. Orduan EAJk eta EEk erreforma frankistaren aurrean amore eman zuten. Baina 30 urte hauek ez dira alferrik pasa. Euskal gizarteak ulertu egin du erabakitzeko eskubidean eta lurraldetasunean oinarritu behar dela aldaketa». Eta ondorioz, abstentzioa «alternatiba bakarra» dela ziurtatu zuen. Horrekin salbuespen egoerari eta iruzurrari ezezkoa ematearekin batera, «lau herrialdeetarako au- tonomiari eta independentzia egia bihurtuko duen markoari baietza emango diogu», amaitu zuen Pueyok.

Atarrabia eta Irun

Iruñekoa jendetsuena izan da, baina beste herri askotan independentziaren aukerari indarra ematea eta hurrengo igandean abstentzioa bultzatzea helburu duten mobilizazioak ari dira egiten azken egunotan. Horren adibide da atzo eguerdian Atarrabian burutu zena.

«Guk independentzia, Txema askatu» leloa izan zuen ekimenak. Txema Jurado atarrabiarra -bera ere hautetsia izandakoa, duela bi aste egindako azken sarekadan atxilotu eta kartzelatu zutena-. 200 auzokide inguruk hartu zuen parte eta Polizia espainarra etengabe izan zuten ondoan.

Bultzatzaileek salatu zutenez, manifestazio hau egiteko Nafarroa Bai koalizioaren ordezkariekin harremanetan jarri ziren, «baina beraien erantzuna ezezkoa izan da».

Bukaeran, ezker abertzaleko hainbat lagunek hitza hartu zuten oholtzatik, eta guztiek martxoaren 9an hauteskundeei bizkarra ematearen garrantzia goraipatu zuten.

Bitartean, abstentzioaren aldarria herriz herri zabaltzen ari da, etxez etxeko propaganda banaketaren bidez edota hormetan kokatutako afixen bidez. Errepideetan ere bozkatzera ez joateko eskatzen duten pankarta ugari agertu ziren. Atzo Irungo herritik salatu zutenez, A-8 autopistan kokatu zirenak kentzen aritu zen Guardia Zibila.

Abstentzioaren alde egiteko hautetsiek gaurko deitu duten ekitaldi nagusia Abadiñon izango da. 12.30ean hasiko da ekitaldi hori.

«anv aurrera!»

EAE-ANVren aldeko oihuak egin zituzten parte hartzaileek. Independentziaren aldekoak ere entzun ziren ozen ibilbide osoan zehar, baita euskal presoen aldekoak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo