GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Marka saiakera

Bihurrik esku bakar batekin erdibitu du kanako enborra

Eibartarrak eskuineko eskua erabili, eta 22.21 denboran egitea lortu zuen

p062_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | BERRIZ

Ernesto Ezpeleta Bihurrik Guiness errekor bat ezarri zuen atzo Berrizen, kanako enborra esku batekin, eskuinarekin, moztuta. Hori bera eginda lortuko zuen errekorra, baina eibartarrak denbora ere ona egin zuen, enborra 22 minutu eta 21 segundotan erdibitu baitzuen.

300 ikusle inguru gerturatu ziren Berrizko kiroldegira, Bihurriren ekinaldia ikusteko asmoarekin. Beraz gain, bere zortzi urteko semea ere aritu zen aizkoran, eta harriak jasotzen berriz, Goenatxo II.a eta Goenatxo III.a aritu ziren, aita eta semea.

Eibartarrak zenbat denboran amaitu ote zezakeen lana, hori zen zaleen kezka saioa hasi aurretik. Erreferentziarik ez, eta esku batekin horrelako enbor handi bat mozteak ere arazoak ekar ditzake, batez ere giharretakoak, eta gutxi ausartzen ziren denbora bat ematen.

Bihurrik gogoz ekin zion lanari, erritmo ona ezarri zuen, eta kolperik hutsik egin gabe, lan erdietara 11 minutu eta 38 segundotan heldu zen. Enborraren alde bat moztuta, bigarrenari heldu zion. Lehenengoan epaia gutxitxo emanez gero, ixteko arriskua izaten du bigarren aldeak, baina Bihurrik ederki eraman zuen bigarren aldea ere, eta azkeneko kolpea 22 minutu eta 21 segundotan eman zuen, eta errekor berria ezarri.

Oso gustura

Bihurri, amaieran pozez gainezka zegoen, helburua bete baitzuen: «Nik enbor hau moztu nahi nuen esku batekin, eta hori lortu dut, eta oso gustura nago. Beti izaten dituzu kezkak buruan, baina gaur dena ongi joan da», esan zuen.

Lanean, oso gustura aritu zela onartu zuen eibartarrak: «Ederki hasi naiz, fisikoki oso ongi nengoen, eta erritmo bizia jarri dut hasieratik. Nire burua ongi ikusten nuen, eta amaitu bitartean horrelaxe iraun dut», baieztatu zuen.

Egindako denborarekin ere oso gustura agertu zen: «Nik uste dut denbora oso ona dela, baina etorri aurretik ez nuen helburu bat jarrita. Esku batekin aritzeak bere zailtasunak ditu, baita arriskuak ere, ez nuen helburu bat jarrita etorri aurretik. Enborra erdibitzea nahi nuen, eta hori lortzeaz gain, uste dut denbora ere ona izan dela», aitortu zuen.

Etorkizunera begira, ez du erronka berririk, oraingoz, behintzat: «Nire asmo bakarra enbor hau esku batekin moztea da, eta hor geratzen da. Une honetan oso gustura nago, eta ez daukat beste ezer buruan. Orain apur bat lasaitu, eta gero ikusiko dugu. Nahiko urduri ibili naiz kontu honekin, eta orain gozatu egin nahi dut», erantsi, eta amaitu zuen bere jarduna eibartarrak.

Bihurrik, dudarik gabe, gustura egoteko arrazoiak zituen atzo. Marka handia egin zuen, eta hasierako helburuak beteta geratu zen. Atzokoa ikusita, ordea, ez litzateke arritzekoa izango horrelako ekinaldi gehiago egiteko ere eskaintzak jasotzea, jendeak gustuko izaten baititu gauza ezberdinak.

Egungo onenetakoak Loiun izango dira

Izeta II.a, Izeta III.a, Ostolatza eta Irigoien, gaur eguerdian Loiun izango dira, bertako pilotalekuan, 12.30etik aurrera jokatuko den lehiaketan parte hartzeko. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro zaharra eta kubikoa izango dituzte lanerako. Harri bakoitzarekin, bost minutuko txanda bana izango dute, eta guztira jasoaldirik gehien ematen dituenak eramango du garaipena.

Lau kirolari handi izango dira, eta faborito Izeta II.a aterako da. Aiarra sasoi betean dago, eta Aimar Irigoien, aldiz, urte amaiera gogorraren ostean atseden hartu ondoren itzuliko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo