GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Partida eramangarriagoa egin zuen Aimar Olaizolak

Partida kaxkar batekin hasi zen finalerdietako ligaxka. Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek garaipena eskuratu zuten, Goizuetako aurrelariaren lanari esker. Beste hiru pilotariek ez zuten eguna izan.

p065_f01_148x120.jpg

OLAIZOLA II-MENDIZABAL II 22

BENGOETXEA VI-OTXANDORENA 13

Aritz SORZABAL | IRUÑEA

Binakako Txapelketako finalerdien estreinaldian, Aimar Olaizola izan zen txukun aritu zen bakarra. Hain zuzen ere, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako partidan Oinatz Bengoetxeak, Iñaki Otxandorenak eta Goizuetako aurrelariaren bikotekide Oier Mendizabalek norgehiagoka kaxkarra egin zuten, huts ugariekin. Buruz buruko txapeldunak, berriz, lehiako tanto ikusgarrienak eta eraginkorrenak gauzatuz, ligaxkako lehen garaipena eskuratu zuen.

Egindako tantoekin baino, partida akatsekin hasi zen. Otxandorenak egindako bi hutsei eta Aimar Olaizolaren sake bati esker, 3-0 aurretik jarri ziren gorriak. Abantaila hori berehala handitu zen, Goizuetako aurrelaria nagusi baitzen (10-3).

Baina Oier Mendizabalek ere piloteoari eusteko arazoak erakutsi zituen beste behin, eta aurkariak horretaz baliatu ziren arnasa hartzeko. Otxandorenaren eskapada batek, Añorgakoaren zenbait akatsek eta Bengoetxearen sake eta bolea eder batek markagailua estutu zuten (10-8). Dena dela, berdintasunak ez zuen askorik iraun. Mendizabalen eskapada batek iniziatiba eskaini zien berriro gorriei, eta hauek partida erabakitzeko aukera ez zuten galdu. Olaizolaren minutu onenak izan ziren.

Aurrelari nafarrak dejadak, boleak eta zartadak tartekatu zituen, 20-11 aurretik jartzeko balio izan zutenak. Azkenean, 22-13, eta gorrientzat lehen garaipena. «Aimarrek oso ondo jokatu du, asko lagundu baitit», aitortu zuen Mendizabalek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo