ACB Liga
Eskizofreniaren kontrako erremedioa Baskoniarentzat
Igor Rakocevicek jokatuko ote duen zalantza dago, agian minuturen bat edo beste joka lezake. Bestetik, Spahijak dio ViveMenorca «talde arriskutsua» dela
TAU BASKONIA-VIVEMENORCA
Arnaitz GORRITI | GASTEIZ
Astero bi partida jokatu beharrak zailtasunez gain, nolabaiteko eskizofrenia ere sor dezake. Halaxe bizi ditu egunok Tau Baskoniak; Euroligan ibilbide ezin hobea burutzen ari da, hiru jardunaldiren ostean E taldeko buruan dela; ACB Ligan estropezuka dabil, ordea, bere benetako maila erregulartasunez erakutsi ezinik. Egoera arraro horren aurrean, partida on bat jokatzea ezinbestekoa da are gehiago etxean suertatzen bada.
Eskizofrenia horren aurkako erremedioa, gaurko, garbi dauka Neven Spahijaren taldeak: ViveMenorcari airean irabaztea, ACB Ligako bigarren postuari mehatxu egin, eta bere zaletuen aurrean zalantza guztiak ezabatzeko. Horretarako hitzordua 12.30ean dute gasteiztarrek.
Dena dela, aurkariak merezi duen begirunearen kariaz, mesfidati azaldu zen baskonisten entrenatzaile kroaziarra, eta ViveMenorca talde «arriskutsua» dela onartu zuen.
«Neurketa arriskutsua da. Ziur irabaziko dugula uste dugun bakoitzean, galdu egiten dugu. Hala ere, lana serio eginez gero, ez genuke arazorik izan behar», azaldu zuen.
Eguerdiko neurketa honetarako arabarrek Pete Mickealen baja izango dute, zuntz haustura baten erruz. Aldiz, Igor Rakocevic minuturen bat edo beste jokatzeko moduan egon liteke.
Pasa den zapatuan Estudiantesen aurka zangoan min hartu zuen, eta Salonikan, aulkian izan bazen ere, ez zuen jokatu. Ikusteko dago, beraz, eskolta serbiarrak jokatuko duen ala ez.