GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14 BAIONA

Balio ikaragarria duten lau puntu eskuratu ahal izan ditu Biarritzek

BIARRITZ 9

STADE FRANCAIS 6

J.L. | BIARRITZ

Biarritzek garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Stade Français taldearen aurka, eta laugarren postua sendotu egingo dute emaitza honen ostean. Pariseko taldea oso indartsu heldu zen Euskal Herrira, urte honetan ez baitzuen partida bakar bat ere galdua, baina atzo ezer gabe itzuli behar izan zuten Frantziako hiriburura.

Bi taldeek elkarrenganako errespetu handiz jokatu zuten, eta galtzeko beldurra nabaria zen bi taldeetan. Horrelakoetan ikuskizuna ez da handia izaten, eta ostikoekin aukerak ongi baliatzen dituenak eraman ohi ditu garaipenak. Horixe gertatu zen, hain zuzen ere, atzo.

Yachvilik aitzineratu zituen euskaldunak hamargarren minutuan, ederki aprobetxatu baitzuen izan zuen lehen zigorra etxeko taldea 3-0 aitzineratzeko. Emaitza horrek ez zuen partida ezertan aldatu, eta jokoak lehengo horretan jarraitzen zuen. Orduan, Hernandezek emaitza frantziarren alde jarri zuen, bi drop, ia segidan, lortu ostean, eta 3-6koa ageri zen markagailuan. Berriro ere, ordea, Dimitri Yachvili agertu zen, eta beste zigor bat medio, berdinduta geratu ziren markagailuan.

Oreka

Bigarren zatia oso orekatua izan zen, gauzak ez ziren askorik aldatu, eta garbi zegoen edozein jokaldik erabaki zezakeela neurketa. Eta azkenean, Bosch argentinarrak erabaki zuen norgehiagoka, drop bat gauzatu baitzuen, eta 9-6koa jarri zuen markagailuan.

Azkeneko minutuetan saiatu ziren frantziarrak estutzen, eta zuri-gorriek sufritu behar izan zuten, baina amaieran, balio handia duten lau puntu horiek eskuratu zituzten beste talde handi baten aurka jokatuta, eta horrek indarra hartzeko ere balioko die euskaldunei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo