GARA > Idatzia > Kirolak

«Beheko multzotik irtetzeko erregulartasuna falta izan zaigu»

p050_f01_148x128.jpg

Beñat ZARRABEITIA

Andoni IRAOLA |  ATHLETICEKO JOKALARIA

Usurbil 1982. Xabi Alonso, Mikel Arteta, Mikel Alonso eta Aritz Adurizekin Antiguokon nabarmendu ondoren, 17 urterekin Lezamara iritsi zen. Bilbao Athleticekin Bigarren A mailara igotzetik gertu egon eta gero, Valverdek lehen taldearekin aritzeko aukera eman zion 2003an. Geroztik, finko dago.

Argi eta erraz ulertzeko moduan hitz egiten duen futbolaria da Andoni Iraola. Zelai barruan eta bertatik kanpo ondo moldatzen da usurbildarra. 25 urte baino ez ditu, eta talde zuri-gorriko jokalaririk esanguratsuenetakoa. Gipuzkoarrak 187 lehia ofizial jokatu du jada Athleticen, eta 20 gol egin ditu.

Igandean taldeak ordu erdi oso ona egin zuen, bazirudien hirugarren garaipena etor zitekeela, baina bigarren zatian taldeak nabarmen egin zuen atzera, eta azkenean, Villarrealek markagailua irauli zuen.

Bai. Hasi baino lehenago bagenekien talde indartsua zirela, batez ere, baloiaz jabetzeko orduan. Lehenengo ordu erdian, presioa eginez lortu genuen beraiei baloia kentzea, baina gero ez ginen hori egiteko gai izan, eta hor gu baino gehiago izan ziren baloia oinetan zeukatela.

Kolpea izan zen. Izan ere, hirugarren garaipena errenkadan lortzeaz gain, hiru puntuek berebiziko lasaitasuna emango zioten taldeari, 32 punturekin jarriz gero denboraldia bukatzeko 13 jardunaldiren faltan. Hori, bi urtez behean egon den talde batentzat aurrerapauso handia da.

Atsedenaldian denok ikusi genuen hortik irtetzeko aukera ederra genuela, baina bigarren zatian gailendu zitzaizkigun, eta jokoan erakutsi zuten hirugarren postuan zergatik dauden. Jokalari onak dira; igandean erakutsi zuten.

Atsedenaldian jabetu al zineten hiru puntuak giltzarri izango zirela arazo askorik ez izateko?

Partida hasi aurretik gure artean hitz egiten genuen, 32 punturekin jarriz gero, sailkapenean gora egingo genuela eta behean dauden taldeei aldea hartuko geniela. Baina bueno, gauzak oso estu daude, hamar talde gaude lau edo bost puntutan, eta gero eta lehia gutxiago falta dira. Dena den, oraindik ere, Almerian irabaziz gero, 32 punturekin jarriko gara eta oraindik 12 partida faltako dira. Badakigu salbazioa garesti egongo dela, baina guk gurea egiten baldin badugu, ez dugu besteei begiratu beharrik izango.

Hala ere, Almerian irabaztea ez da batere erraza izango, urte hasierako bigarren talderik onena baitira.

Beraiek oso ondo egiten dute futbolean. Villarreali bezala baloiarekin ibiltzea gustatzen zaio, jabetza handia izaten dute, eta azkenaldian ia golik ez dute jaso. Azken sei edo zazpi partidetan gol bakarra egin dietela uste dut, eta horrek aurkari zaila izango direla erakusten du. Gu ere sendo gabiltza atzealdean, orduan gakoa markagailuan aurretik jartzea izan liteke.

Etxetik kanpo, taldea San Mamesen baino erosoago sentitzen dela dirudi?

Bai. Nahiz eta Santanderren edo Zaragozan partida onak ez egin, behintzat berdintzeko aukerak izan genituen. Ildo horretan jarraituz gero, puntuak lortzen joango gara.

Baina bistakoa da taldeak irregulartasuna izan duela lagun orain arte, baina une erabakigarri batzuetan asmatu izan balu, askoz erosoagoa egongo litzateke.

Bai, denok jartzen gara pentsatzen, ea igandean irabazi izan bagenu... behetik irtetzeko aukera onak pasatzen utzi ditugu, baina guk bezala beste hainbatek ere pentsatuko du. Azkenean, errealitatea sailkapenean dago eta oraindik multzo horretan gaude, eta hortik ateratzeko erregulartasuna falta zaigu, adibidez, Almeriak egin duena egiteko.

Taldearen egiturari begira, badirudi ziklo berri baten hasieraren atarian gaudela. Ustaritz, Amorebieta, Martinez, Susaeta edo Llorente maila ona ematen ari dira, eta azken urteotan taldean ipar orratzak izan diren Etxebe, Orbaiz edo Tikoren lekukoa Gorka, Gurpegi, Aduriz edo zu zeuk hartu beharko duzue, 26-27 urteren bueltan zaudetenok. Hori ere kontuan hartu behar da halako talde batekin pazientzia izateko.

Argi dago. Guretzat bereziki oso garrantzitsua da gazteek aurrera ematea pausoa, eta aurten hori gertatzen ari da. Zuk aipatu dituzun izenak maila ematen ari dira eta nire ustez guztiontzat ona da. Hemen, azken batean, garrantzitsuena da igandean nola jolasten den, eta berdin da 18 edota 35 eduki. Kontrako kasua ere badago, Armando 37 urterekin etorri da, eta neurria ematen ari da.

Horrek erakusten du, une zailetan ere, jendea irtetzen dela.

Bai. Nire ustez adibiderik garbiena Fernando Llorenterena da. Orain arte, jendeak pazientzia eduki du nahiz eta nahi zuen maila ez eman, baina minutuekin eta konfidantzarekin golak egiten ari da, eta Lehen Mailako jokalaria dela erakusten ari da.

Maila pertsonalean, bi urte oso on egin zenituen Valverderekin, eta gerora ere ondo ibili zara, baina egia da orduko maila ez duzula berriz agertu.

Nik %100 ematea nahi duen lehenena ni neu naiz. Azken urteekin konparatuta, aurtengo denboraldia desberdina ari da izaten. Defentsan jokatzen nabil, eta agian beste gauza batzuk egin behar ditut. Argi dago gora begira gehiago azaldu behar dudala eta gehiago arriskatu behar dudala, baina orain egin behar dudan gauza defendatzea da, eta partida askotan jada nahikoa daukazu. Gustatuko litzaidake defendatzea, aurrean azaltzea eta erdiraketak egitea, baina beti ez da posible.

Atzera begira, Antiguokotik etorri zinenean, zure burutik pasa al zen hainbeste gauza bizitzea? Debuta, Europan jokatzea, Liejako gaua, Kopako finalerdi batzuetan azken penaltia jaurtitzea, Anoetako aldagelan Bigarren Mailari aurrez aurre begiratzea, iaz Levanteren aurkako partida...

Egia esan, iristen zarenean ez duzu horretan pentsatzen. Ni Antiguokotik etorri nintzenean ez nekien Athleticeko jubenilean jokatzeko gai izango nintzenik ere. Etorri ginen, zer aurkituko genuen ez genekiela. Aritz Aduriz adibidez, nirekin etorri zen eta Gasteizko Aurrera taldera joan behar izan zuen lehenengo. Ezer jakin gabe etorri ginen.

Gure buruan ez zegoen futbolari profesional bat izateko pentsamendua. Denborarekin ikusi nuen gai nintzela gazte mailan aritzeko; gero, gora egiteko eta inoiz ez naiz beste inor baino gehiago nabarmendu. Nirekin jokatu duten asko izan dira taldean nabarmendu direnak, baina gero ez dira Lehen Mailara iritsi.

Zortea ere izan dut. Nire kasuan, Ernesto Valverde Lehen Mailara iritsi zen, eta jubeniletik eta filialetik ezagutzen ninduenez, beharbada, hori izan zen azken pausoa emateko gakoa.

25 urterekin, oraindik denbora aurretik izanda, zer eskatzen dio Andoni Iraolak etorkizunari?

Futbolean gerora begiratzea oso zaila da. Orain, hurrengo partidari eta hilabeteari begira gaude, ia noiz ailegatzen garen 45 puntutara, eta hori da garrantzitsuena. Beste bi urte dauzkat Athleticekin hitzartuta, eta nire asmoa azken urteak bezalakoak ez izatea, hau da, onak izatea eta disfrutatzeko uneak egon daitezela.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo