GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek sailkapeneko lehen taldeari egingo dio bisita

Talde zuri-gorriak Tolosan jokatuko du Staderen aurka, 20.30etatik aitzina

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek norgehiagoka gaiztoa izango du gaur ilunabarrean, 20.0oetatik aurrera Tolosan jokatuko baitu Stade Toulosainen aurka, Liga honetako sailkapeneko lehenaren aurka, alegia.

Partida garrantzitsua da, eta Biarritzek bere zaleei poz handi bat emateko parada ederra izango du gaur ilunabarrean. Tolosa, izan ere, oso talde indartsua baita. Denboraldi osoan bi norgehiagoka besterik ez ditu galdu, eta finalerdietan izateko txartela ia eskuratuta dauka. Gainera, Sei Nazioak direla-eta, azkenaldian jokalari ugari falta izan ditu, baina lehiaketa hori amaitu denez, denak prest ditu jokatzeko, eta horrek oraindik ere indar handiagoa ematen dio Okzitaniako taldeari.

Biarritzen jokoak, aldiz, ez du konfiantza handirik ematen, ez baitu bere mailarik eman denboraldi osoan zehar. Nahiz eta une honetan laugarren postuan egon, doi-doi irabazi ditu partidak, eta entseguak egiteko arazo asko ditu. Zaleek ere zalantza asko dituzte beren taldearen inguruan. Europatik kanpo, Liga bakarrik dute buruan, Tolosak ez bezala, eta, hala ere, ezinean jarraitzen dute denboraldi osoan bezalaxe.

Tolosak talde ikaragarria dauka, eta egiten ari den denboraldia ere horrelakoxea da. Bai aurrean, bai atzean oso talde indartsua dauka. Presioa aurreko lerrotik egiten hasten dira, eta askotan aurkariaren jokoa ito egiten dute. Gero, abiadura ere handia dute hegaletan, eta entseguak egiteko aukerak noiznahi sortzen dituzte.

Biarritzek jokalari mordoska bat berreskuratzeko modua izango du gaurko partidarako, nahiz eta oraindik kolpatuta ere badituen zenbait. Gaur, esaterako, Imanol Harinordoki itzuliko da, eta bere jokoa garrantzitsua izango da zuri-gorrientzat.

Berarekin batera, Dupuy, Faafali, Dellape, Masi eta Moala ere itzuliko dira. Aldiz, Balan, August, Cabannes eta Willemse ez dira arituko, oraindik ez baitira osatu.

Staden, berriz, Clerc, Heymans, Jauzion, Elisalde, Dusautoir, Poux eta Servet itzuliko dira hamabostekora, guztiak ere ez baitziren pasa den igandean Parisen jokatu zuten partidan egon. Neurketa, Frantziako Canal + telebista kateak eskainiko du zuzenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo