ARETO FUTBOLA Ohorezko Maila
MRA Navarrak azken fasean egon nahi baldin badu, ezin du huts gehiagorik egin
Jon LEUNDA | DONOSTIA
MRA Navarrak amaitutzat eman nahi du bere bolada txarra, eta horretarako gaur Playas de Castellon taldea hartu nahi du mendean, 20.30etik aurrera Iruñeko unibertsitateko kirol pabilioian jokatuko den neurketan.
Nafarrak oso bolada txarra daramate, eta sailkapeneko lehen postuetan egotetik, hamargarrenera pasatu dira oso jardunaldi gutxitan, eta une honetan bigarren fasetik kanpo daude. Hala ere, hirugarren postutik hamaikagarrenera oso tarte txikia dago, eta partida pare bat irabazita, berriro ere lehen postu horietara pasatuko lirateke, baina horretarako puntuak hirunaka batu behar dituzte, bestela jai izango dute.
Zuzeneko aurkaria
Gaurko partidak, gainera berebiziko garrantzia izango du talde nafarrarentzat, aurrean duen taldeak hiru puntu kentzen baitizkio, eta gaur garaipena lortuko balute, aurre hartuko lieke. Galduz gero, berriz, Castellongoak, sei puntu kenduko lizkieke berdeei, eta Irurtzungoek gero eta zailagoa izango lukete final-laurdenetarako txartela eskuratzea.
Jokalariei dagokienez, Joelen hutsunea segurua izango da, portugaldarra ez baita osatu, eta oraindik jokatu gabe eman beharko ditu aste batzuk. Dena ere zalantza izango da azkeneko unera arte, baina ez da erraza izango bera jokatzeko moduan izatea. Jokatzen badu ere, ez da bere onenean egongo. Marfil eta Alexandre ere zalantza dira, baina ez dirudi bi jokalari hauek jokatzeko aparteko arazorik izan lezaketenik.