Arrazakeriaren eta xenofobiaren lotsa
Badira 42 urte, arraza-bereizkeriaren kontrako borrokaren adierazle, NBEk egun bat aukeratu zuela. Egun hori sei urte lehenago Hegoafrikan Poliziak manifestazio baten kontra oldartu eta sarraski bat egin zuenekoa da. Argi dago, ordea, borroka hori urtean egun bat baino gehiagoko kontua dela, arrazakeria eta xenofobia eguneroko eta nonahiko agerpenak baitira, eta ezin esan daiteke salbuespenak direnik. Horregatik, diskurtsoetatik harago, hitz hutsetatik harago, kontzientziazio eta jarrera argia behar dira gizartean, instituzioetatik hasita.
Errealitateak, ordea, besterik erakusten du. Instituzioek gizarteak gidatu beharrean, eskuarki gizarte horietako talde eta mugimendu kontzientziatuenek presionatu behar dituzte instituzioak. Immigranteei laguntzeko arrandia handiz iragartzen dituzten neurriak maiz propagandarako tresna dira. Arrazakeria gizarte osoak eta gizarte guztiek hausnartu beharreko gaia da; beraz, arrazakeriaren kontrako borrokak ere guztiona izan beharko luke. Hartara, immigranteei laguntzeko lanean, esate baterako, instituzioek ez ezik, immigranteek beraiek eta gizarte mugimenduek ere zeresan handia dute.
Euskal Herrian gaurtik igandera bitartean arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka oihu egiteko aukera izango da. Gaur Bilbok eta bihar Iruñeak bereizkeriaren kontrako, desberdinaren aldeko oihu hori hartuko dute beren baitan, eta igandean Pasaiatik Donostiarakoa egingo du oihu berak. Hala ere, ez da ahaztu behar egunero gogorarazi behar dela gizaki batzuek beste gizaki batzuk baztertzen dituzten heinean, mundua ez dela bidezkoa inondik inora. Izan ere, globalizazioaren onurak aldarrikatzen dituen mundu aberatsak, bere burua demokraziaren, eskubideen eta askatasunen jagoletzat aurkezten duenak, ez ditu bere lurrak eta aberastasunak globalizatu nahi, eta sorterria uzteko zoritxarra duenari lagundu beharrean, haren kontrako legeak egiten ditu. Horri ere xenofobia deritzo. Eta hori lotsagarria bada, mundu honek badu zertaz lotsatu.