Apaolazaren aurkako prozedura salatu du berriz ere Askatasunak
Iban Apaolazaren aurka Montrealen egiten ari diren epaiketa gaur amaituko da, eta prozesuaren inguruan zenbait salaketa egin zituen atzo Askatasunak. Batetik, agintari espainolek kanporatze prozedurari heldu diotela oroitarazi zuen, estradizioarena «arbitrarioki» alboratuz; eta bestetik, akusazioak Anabel Eguesek torturapean eginiko deklarazioan oinarritzen direla.
GARA |
Joan den asteazkenean hasi zen Montrealgo (Quebec) Immigrazio Sailean Iban Apaolaza Sancho euskal iheslari politikoaren aurkako epaiketa, eta gaur bertan amaituko da. 2007ko ekainaren 20an atxilotu zuen Polizia kanadiarrak Apaolaza, eta geroztik Riviere des Prairies espetxean dago. Estatu espaino-lak haren kanporatzea eskatua dio kanadiarrari. Erabaki hori ordea, ez du epaile batek hartuko, immigrazio funtzionario batek baizik, atzo Askatasunak azaldu zuenez.
Errepresioaren aurkako erakundearen salaketa orokorragoa izan zen baina. Lehenik eta behin, gogorarazi zuen Apao- lazaren aurkako inputazioek Anabel Eguesek (egun preso dago) inkomunikazio garaian egindako deklarazioan dutela oinarria, eta Eguesek torturak salatu zituela epaitegian. De-fentsak ere horixe nabarmendu du epaiketaren lehenengo bi egunetan, eta horretarako, besteak beste, Didier Rouget abo-katua eraman du testigantza eman dezan giza eskubideen aditu modura.
Horretaz gain, Apaolazaren aurka ireki duten prozedura kanporaketarena dela agertu zuen. Izan ere, agintari espainolek ez baitute haren estradizioa eskatu, nahiz eta Estatu espainolaren eta kanadiarraren arteko hitzarmenetan bide hori duten adostua. Horrela jokatuta, Madrilen asmoa honakoa dela bota zuen Askatasunak: «Estradizioak eman ditzakeen bermeak eta eskubideak eragozten zaizkio atxilotuari kanporaketaren bitartez».
«Gogor salatu nahi dugu azken hilabeteetan munduko hainbat herrialdetan eta Euskal Herrian bertan gertatzen ari den iheslari politikoen aurkako sorgin ehiza», gaineratu zuen prentsa oharrean. Errepresioaren aurkako erakundearen arabera, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren ondorioz «ehunka izan dira azken urteetan ihes egin beharrean izan diren herritarrak», guztiak ere «tortura eta espetxea ekiditeko helburuarekin». Hain justu, kanporatzea gertatzen bada, Apaolaza torturak jasateko «arrisku larrian» egongo dela adierazi zuen.
«Estatu espainolak independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko aurrera daraman estrategiaren baitan kokatzen dugu iheslarien aurkako jazarpen hau guztia», gaitzetsi zuen Askatasunak, eta, horren aurrean, euskal iheslari politikoek Euskal Herrian bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen.
Immigrazio Sailak kanporatzeari baiezkoa eman ostean, Vancouverren preso den Bittor Tejedorrek erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu du.