GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Urratsez urrats Euskal Herri euskalduna eraiki» lelopean, Hizkuntz Eskubideen Eguna

Datorren apirilaren 6an Hizkuntz Eskubideen Eguna ospatuko da Atarrabian. EHEk, bosgarren aldiz antolatutako ekitaldi honetan, euskararen egoera zaila salatu nahi du eta, batez ere, hizkuntzaren alde «urratsez urrats» egin beharreko bidean aitzinera segitzeko deia egin.

p020_f01_199x116.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Euskal Herrian Euskaraz taldeak aurtengo Hizkuntz Eskubideen eguna datorren apirilaren 6rako antolatu du. Atarrabia izan da aukeratutako herria. Izan ere, iaz bertan egitekoa zen, baina Udalak ukatu egin zuenez, azkenean Azpeitira aldatu zen festa. Aurten ez da arazorik izan, eta atzo aurkeztu zuten aldarrikapen festa honek hartuko duen egitaraua. Egun hori ospatzearen garrantzia ere nabarmendu nahi izan zuten: euskararen egoera zaila dela salatu, eta orain arte bezala, hemendik aitzinera ere, «herritarrek auzolanean Euskal Herri euskalduna eraikitzen joatea» beharrezkoa dela nabarmendu zuten.

Euren hitzetan, «hizkuntz eskubideen urraketa» ezaguna da Atarrabian nahiz Euskal Herri osoan. «Euskaraz ezin bizi ahal izatea eguneroko ogia da gure artean: administrazioz administrazio, ukapenak eta erasoak ikus ditzakegu», oroitarazi zuten. Beraz, «hizkuntz eskubideez aritzean eskubide urraketa da nabarmendu dezakegun joera nagusia», ondorioztatu zuten.

Herri euskalduna lortzeko zailtasunei dagokienez, «lurralde zatiketaren ondorioz eratorritako marko eta legedi ezberdinak» dira arazoa, EHEren ustean; eta ondorioz, «gaur egungo errealitatean herri euskalduna ezinezkoa da».

Atarrabiako kasuari begira, «hamaika adibide» daudela ezagutarazi zuten: «Osasun etxean ez dago pediatra euskaldunik; liburutegian euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da; haur eskolan eta ikastetxean euskarazko plazen kopurua eta eskaria ez datoz bat, plaza kopurua eskasa izanik; eta gainera, Atarrabian ez dago instituturik». Egoera horren aitzinean erantzun bat emateko asmoz abiarazi zuten iazko ikasturtean «Atarrabia euskaldundu kanpaina», eta atzo jakitera eman zutenez, «herria informatu nahi izan genuen datuen bitartez, soilik euskaraz bizitzeko ezintasuna begi-bistan geratzen baitzen». Ildo horretan, «salaketa eta eraikitze lana uztartuz, Atarrabia euskalduntzeko bide egokian» doazela uste dute. Hein horretan, aurrerantzean ere bide horretatik segitzeko asmoa erakutsi zuten.

Apirilaren 6an, goizeko 10.30 aldera Atarrabiako kaleetan ibiliko diren dianek emango diote hasiera Hizkuntz Eskubideen Egunari. Ordu berean, Nazio Bilkura hasiko da, Erretiratuen egoitzan. Aurten bereziki nabarmendu den «euskararentzat estatus berri baten beharra» izanen da osatuko den Nazio Bil- kuraren gai nagusia.

Ribed parkean, 11.00etatik 14.00etara, «Euskaraz Bizi» gunea izango da, haurrentzako aisialdi jarduerekin; eta bide batez, eragileen erakusketa bisita- tu ahal izanen da. Eguerdian manifestazioa eta ekitaldi nagusia egingo dira: 13.00etan aterako da «Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki» lelodun manifestazioa, Udaletxe plazatik, eta iritsieran egingo da ekitaldia. Ondotik, herri bazkaria antolatuta dago, leku berean; 12 euroko menua emango da, hain zuzen ere. Arratsaldean haurrentzako puzgarriak eta jokoak izango dira, eta 17.00etan dantzaldia hasiko da Udaletxe plazan Tximeleta taldearekin. Jarraian, Hesian taldeak kontzertua emango du.

«Herritarrok dugu giltzarria»

«Uste dugu badela garaia ezintasun honetaz ohartu eta herritar guztiok, indarrak batuz eta eraikitze perspektiban kokatuz, euskararentzat ofizialtasuna lurralde osoan ezarriko duen marko berria aldarrikatzeko, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko politika berri bat exijitzeko». Horrela izanik, ezinbestekotzat dute «euskararen normalizazioan ekimenak burutzea».

«Herritarrok dugu giltzarria Euskal Herri euskaldunerantz bidea egiten joateko, urratsak ematen joateko», nabarmendu nahi izan zuten. Izan ere, administrazioek edo agintariek erakutsi duten borondatea, «politika ez-eraginkor eta desakti- batzaile» gisa aurkeztu zuten, eta horregatik, «guk geuk euskararen lema hartzeko ordua dugu». Aurtengo ospakizunerako aukeratutako leloa horretan datza: «Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki».

auzolanean

Administrazioaren borondatea ikusita, edota egungo marko politikoa dela-eta, ezinezkoa omen da Euskal Herria euskalduntzea. Dena dela, orain arte bezala auzolanean urratsez urrats segituz, bide onean omen goaz.

arazoak iaz

EHEk iaz Hizkuntz Eskubideen Eguna Atarrabian ospatu nahi izan zuen, baina bertako Udalak ukatu egin zien. Burlatan ere saiatu ziren, baina han ere ezezkoa eman zieten. Azpeitian egin zen azkenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo