GARA > Idatzia > Alaves

David Aganzo, azken unera arte zalantzan

J.O. | GASTEIZ

José María Salmerónek azken unera arte itxaron behar izango du Castellonen aurka David Aganzo, bere golegilerik onena, jokatzeko moduan izango den jakiteko. Aurrelari madrildarrak kontraktura bat dauka eskuin izterrean eta ezin izan zuen atzoko entrenamendua egin. Aste osoan ez du entrenatzerik izan eta taldeko medikuek ez dakite ziur bihar jokatzerik izango duen.

Aurrelariarekin zorterik izan ez duten arren, Coromina eta Lacen, behinik behin, osatu dira eta hasierako hamaikakoan aritzeko moduan izango dira. Gauzak horrela, eta bere selekzioarekin jokatzen aritu den Stevanovicen zain -Esloveniarekin 90 minutuak jokatu zituen eta 1-0 irabazi zioten Hungariari- talde titularrarekin hainbat froga egin zituen José María Salmerónek biharko partidari begira. Atzoko entrenamenduan ikusi ahal izan zenez, Aganzo sendatzen ez bada behintzat, joko sistema alda lezake entrenatzaile almeriarrak, 4-1-4-1ekoarekin jokatzeko.

Kordobako partidarekin alderatuta, atzealdean berrikuntza gutxi egongo lirateke, Corominak Gasparrekin erdian jokatuko bailuke, Edu Alonsok eskuin hegalean lekua ziurtatuta edukiko luke eta ezkerrean printzipioz Angelek jokatuko luke, nahiz eta Iñigo Calderónekin ere probatu zuen.

Zelai erdian Natxo Garrok euskarri gisa jokatuko luke eta bere aurretik lau gizonez osatutako lerro bat arituko litzakete, Sergio eta Lacen erdian direla, eta Menak eta Toni Moralek hegalak hartuko lituzkete. Dena Dela, Dalibor Stevanovicek ere bere lekua izan lezake hasieratik, zigorra bete berri duen Sergioren edo Kordoban gola egin zuen Menaren partez.

Aurrealdean, Aganzo osatu ezean behintzat, Raúl Sánchezek beteko luke aurrelari postua. Aurrelari madrildarra osatuz gero, ikusteko dago aurrelari bakarrarekin edo birekin arituko diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo