Taldearen historiaren dokumentala egin dute
GARA | EIBAR
Apirilaren 4an estreinatuko dute Eibarko Coliseo Antzokian taldearen historia biltzen duen dokumentala. Ekimenak sortutako ikusmina sekulakoa izan da eta tokia bertaratu nahi duten guztientzat txiki geratu denez, bi egun geroago berriz ere emango da Eibarren inguruan egin den gisa honetako lehen lana.
Ekimena Nafarroako Unibertsitatean ikasten diharduten bi ikasleren -Jorge Llama eibartarra eta Cecilia Borja nafarra- karrera amaierako lan gisa hasi zen, baina bukaerarako Eibar bertako eta inguruko udalen eta beste hainbat erakunderen babesa jaso du.
Dokumental honekin Eibarko futbol taldearen historia laburbildu nahi izan dute, bere hastapenetik hasi eta klubaren une gogoangarrienetan geldiune bereziak eginez; hala nola, hastapena, igoerak, Real Madrilen aurkako Kopa kanporaketa, Mendilibar entrenatzaile zela Lehen Mailara igotzekotan izan zirenekoa eta iazko Bigarren Mailarako itzulera. Gainera Eibarren azken urteetako kronika ere egiten da dokumental honetan, eta eibartarren izaera bereziak taldearengan izandako eragina eta talde gorri-urdinak izan dituen balioak aztertzen dira.
Egileen esanetan, irudi zaharrak lortzea izan da lan honetako gauzarik zailena, baina aldi berean baita politena ere. Dokumentala ikustera gerturatu nahi dutenek Eibarko Coliseoan ohikoak diren lekuetan eros ditzakete dokumental hau ikusteko sarrerak.
Del Olmo zalantzan
Bestalde, taldea, ohi bezala dihardu lanean, eta Joseba Del Olmoren osasun egoera da Manix Mandiola orain gehien kezkatzen duena. Denboraldi bikaina egiten ari den erdilari bizkaitarrak aldakan min du eta ezin izan zuen atzoko entrenamendua normaltasunez egin. Martino eta Gurrutxagak ere zail izango dute iganderako osatzea.